Boto baliagarria Geroa Bai da, modu positiboan eraikitzeko gaitasuna duena
Solanak ziurtatu duenez eserleku bakar batek garrantzia handia izan dezake gobernu aurrerakoi bat eratzeko
María Solana Geroa Bairen Kongresurako hautagaiak ziurtatu duenez “eserleku bakar batek garrantzia handia izan dezake gobernu aurrerakoi bat eratzeko gehiengoen jokoan” eta “estatu mailako alderdien interes eta dinamiken menpe egongo ez den ahots argi eta sendo bat” Madrilen edukitzearen beharra azpimarratu du.
Igande honetan Baluarten Esther Cremaes Senaturako hautagaiarekin eta Uxue Barkos Nafarroako Parlamentuko eledunarekin batera Solanak Geroa Bairen kanpaina ekitaldi nagusian egindako hizketaldian bere konbentzimendu osoa agertu du azken maiatzeko foru hauteskundeetan koalizioari botoa eman zioten “milaka nafarren konfiantza” duela ziurtatuz, modu horretan Diputatuen Kongresuan eserleku bat lortzeko.
Zentzu honetan, 2011ko orokorretan Geroa Baik lortu zuen eserlekua gogorarazi du, hasiera batean Uxue Barkosekin eta ondoren Bixente Serrano Izkorekin, Kongresuan parlamentari bat “asko egin dezakeela frogatuz, toki azpiegituretarako proiektuak, hots lege garrantzitsuetan aldaketak eta Nafarroa anitz, elebidun eta aurrerakoi baten defentsa”.
Solanak ziurtatu duenez, une hartan Geroa Baik “Madrilen politika aldatu zuen” eta “UPNk bere ahotsa aldarrikatu eta PPtik aldentzea” eragin zuen ere. Formakuntza horrek “orain PP eta Ciudadanosekin bat egin behar izan du, nork ezagutuko lituzke orain hauek”, gaineratu du.
María Solanak Sergio Sayas Navarra Sumaren Kongresurako hautagaiaren adierazpenen aurka egin du, “egungo Nafarroako Gobernua apurtzea baldintzatzen baitzuen PSOErekin inbestidura paktua egiteko”. “Nafarroako Gobernua bezalako erakunde bat beste erakunde bat gobernatzeko jokoan jartzeko gai izatea harrigarria da. Hori oso navarrisimoa denik ez dirudi”, azpimarratu du.
Sánchezi “Foruaren Hobekuntzan egiteke dauden transferentziak sinatzeko lau aukera galduak” egotzi dizkio ere, eta nabarmendu duenez “emandako hitza bete gabe jarraitzen du” Foru Komunitateari trafiko konpetentziaren transferentziari dagokionez. “Herri honetan emandako hitza bete egiten da”, azpimarratu du Solanak, azpimarratuz “Geroa Baik transferentzia horiek errealitate izateko borrokatuko duela”.
Horregatik, “Nafarroarentzako autogobernu gehiago eskatzera goaz Madrilera” eta “konplexurik gabeko politika egitera, arazo politikoei erantzun politikoak bilatzera” eta esan duenez, “politika judizializatzeko obsesio horrekin amaitzera”.
Bere aldetik, Esther Cremaes Senaturako hautagaiak “erantzunak nahi dituzten herritarren interes errealak alderdi interesen gainetik jarriko dituen gobernu bat eratzeko lider politikoen gaitasun eza” kritikatu du.
“Herritarren kezkak politikaren lehen planoan jartzeko” deia egin du Cremaesek, kezka horien artean pentsioak, menpekotasuna edo “klima eta enpleguaren premiak” aipatuz, “boto gutxi batzuk gehiago lortzea besterik bilatzen ez duten” alderdien aurrean.
Horren aurrean, Geroa Baik “bi legegintzalditan elkarrizketaren bitartez akordio sendoetara iristeko gaitasuna” frogatu duela azpimarratu du, eta “Nafarroan azkenean gobernu aurrerakoi bat egotea lortzeko adibide eta eragile izan gara”. Politika egiteko modu hau Madrilera eramatearen aldeko apustua egin du.
Esther Cremaesek aitortu duenez, Senatua “Ganbera ezezaguna da askotan” eta “pedagogia egitearen” alde egin du, Goi Ganbera erreformatuz “lurralde ordezkaritza izaera emateko”.
Gainera, ohartarazi du Voxek “botere minimo bat lortzen badu, Estatuan faxistarena” egingo dutela eta “noraez politiko horri aurre egiteko” deia egin du “Estatuaren izaera demokratikoa ez galtzeko”. Baita ere ziurtatu duenez “Nafarroa kolokan jartzen ari dute eskuin batzuek, gure autogobernua zalantzan jarriz eta gure foruak pribilegioa direla esanez”. “Nafarroa foru komunitatea da baina inork ezingo du esan Espainiako gainontzeko herrialdeekin solidarioa izateari inoiz utzi dionik”, azpimarratu du.
Senaturako hautagaiak “Nafarroa truke txanpona izan dela” dioten mezuak kritikatu ditu eta “Nafarroako gobernu aurrerakoiarekin amaitzearen truke” Ciudadanosek Sánchezekin paktua egiteko proposamena arbuiatu du. “Ciudadanosek Nafarroa erabiltzen ari du eta hori ez dugu onartuko”, azpimarratu du Cremaesek, eta ziurtatu duenez “Nafarroaren izenean propio hitz egiten duen formakuntza bakarra Geroa Bai da”.
BARKOSEK “BOTO BALIAGARRIA” JARDUTEKO DEIAK KRITIKATU DITU
Uxue Barkos Geroa Baiko parlamentariak “botoa baliagarria” eskatzen duten formakuntzak kritikatu ditu, “urte eta erdian gobernu bat eratzeko gai izan ez diren horiek baitira, elkar ulertuz lan egiteko gai izan ez direnak, egonkortasun minimo bat lortu ez dutenak”. “Politika ezberdintasunak gainditzeko eta elkarrekin eraikitzeko espazio” moduan aldarrikatu du “trapitxeo eta enkistamendu” politikaren aurrean.
Geroa Bairen eledunak galdegin du ea boto baliagarria “elkar ulertzeko bideak eraikitzeko ezgai izan den ezkerrarena ote den, beti trintxera posizioak defendatuz”, edo “egun enkistamendu horretan plater zikinak garbitzen hasteko aukera ikusten duen espainiar eskuinarena”.
Era berean galdegin du ea boto baliagarria “beste ahots batzuk nahi dituen herritarren arbuioa pairatzen ari duen bipartidismoarena ote den”. Edo “Pedro Sánchezen proiektua sendotzea eskatzen duen” PSNri galdegin dio ere, aurpegiratuz ez duela “pentsioen arazoa konpondu, ez eta haien hauteskunde trikimailuak finantzatzeko Gizarte Segurantzaren kutxa pobretu baino beste neurri bakar bat ere egin”, edo “diktadorearen hilotza tokialdatzea bezalako funtsezko gertaera batekin couché paperezko parodia bat egin duela funtsean”.
Podemosi, bere aldetik adierazi dio “baliagarritasuna eguneroko lanean” bilatu behar dela “eta ez sloganetan, eta galdu gabe lagatzeko modua bilatu behar da ere”.
Barkosen iritziz hauteskundeen errepikapenarekin “pozik dagoen formakuntza bakarra, lortu ezin izan zutena lortzeko Madrilen ‘zumosoleko lehengusua’ bilatu nahi duen hori da”. Navarra Sumak “herritarren babes nabarmena” eduki zuela aitortu duen arren, zehaztu duenez “akordioetara iristeko ezgai izan dira”. Javier Esparza koalizioaren eledunaren eskaerarekin ironia egin du ere, “irain gehiagorik ez” eskatu baitzuen, eta galdegin du ea “ez ote den irain guztiak amaitu zaizkiela jada”.