Caixabank-Bankia fusioaren ondoren Espainiako lehen banketxea kontrolatzeko operazio politiko bat ezkutatu daitekeela salatu du Koldo Martínezek
Estalitako pribatizazio bat dela iritzi du
Koldo Martínez (Geroa Bai) Nafarroako senatari autonomikoak salatu duenez, Caixabank eta Bankiaren fusioaren gibelean operazio politiko bat egon daiteke, Espainiako lehen banketxea kontrolatzeko helburuarekin, eta estalitako pribatizaziotzat jo du operazioa.
Senatuko osoko bilkuran, fusio honek gizarteari dakarzkion onurak zeintzuk izango diren galdetu dio Koldo Martínezek bigarren presidenteordeari, finantza sistemaren finkatzerako abantailak ez baitira agerikoak, bai ordea bere ondorio ezkorrak, 8.000 kaleratze baino gehiagorekin, ehunka sukurtsalen itxierarekin eta Espainiako Ogasunarentzako eta Nafarroako Foru Ogasunarentzako diru-sarreren murrizketarekin.
“Ministro andrea, herritarrek laguntzetan milaka milioi eurorekin eta Banku Txar batekin ere Espainiako Banka erreskatatu dugu. Eta bankak eta bere zuzendariek haien mozkinak modu eskandalagarrian areagotzen dituzten bitartean, 2014tik hona 27.000 enplegu galdu dira bankan -100.000 baino gehiago 2008tik- eta 10.000 sukurtsal itxi dira, langabeziak eta herritarrei arretak okerrera eginez, eta zergen diru-bilketa murriztuz”, azpimarratu du Geroa Baiko senatariak.
Koldo Martínezek gogorarazi duenez, Caixabankek 4.300 milioi euroko ez-ohiko mozkinak aitortu ditu, Bankiaren kontularitza balioa Kataluniako banketxeak ordaindu duena baino askoz ere handiagoa dela agerikoa baita.
“Film hau -gaineratu du Geroa Baiko senatariak- Nafarroan ikusia genuen jada Nafarroako Kutxa Caixabanken baitan desagertu zenean, baina hura urteen ondoren ezagutu zen, eta oraingoa zuzenekoa da eta ekiditeko aukera dago”.
“Honakoa funtsean politikoa den operazio bat da, bertan PSOEk, Kataluniako bere sukurtsalaren bitartez, Caixabanken agintea lortu nahi duelarik. Salvador Illa ministro ohiaren eta Fainé banketxeko zuzendariaren arteko elkarrizketek, hori pentsatzera eraman gaitzakete”, salatu du Koldo Martínezek.