Itzuli

Chivite lehendakariak Foruaren Hobekuntzaren 40 urteurrenaren ospakizuna Madrilera eramatea gaitzetsi du Geroa Baik

Koalizioak iragarri du ez formakuntza politiko moduan ez dela datorren astelehenean Senatuan egingo den ekitaldira joango

    Chivite lehendakariak Foruaren Hobekuntzaren 40 urteurrenaren ospakizuna Madrilera eramatea erabaki izana gaitzetsi du Geroa Baik. Koalizioaren aburuz “ulertezina da Foru Exekutiboak Foruaren Hobekuntzaren 40 urteurrena dela eta egingo duen lehen ospakizuna, eta momentuz bakarra, Foru Komunitatetik kanpo egitea”. Koalizioaren arabera, “ez da ulergarria mota honetako ospakizun bat Senatuan egitea, are gehiago kontuan hartzen badugu Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeko Lege Organikoa (LORAFNA bere gaztelaniazko sigletan) ez dela Espainiako Konstituziotik eratorria, foru lurraldeen eskubide historikoetatik baizik, Konstituzioaren Lehen Xedapen Gehigarrian jasotzen den moduan”.

    “Ez dugu ulertzen nola ez den urteurren hau aprobetxatzen Nafar gizartea ospakizun honen partaide izateko, eta aldiz Madrilera eramatea, azken 40 urte hauetan zehar Estatuaren aldetik Amejoramenduaren etengabeko ez-betetzea ikusi dugunean gainera, 1982an Nafarroarenak propioak zirela finkatu ziren eskumenen transferentziak oraindik egin gabe baitaude eta oinarrizko legediaren bitartez eta Foru Ganberak emandako legeen aurrean konstituzioaren-aurkako helegite ugari jarriz gure autogobernua zapaltzen saiatu baitira”, azpimarratu du koalizioak.

    Horregatik guztiagatik, erakundeen arteko errespetutik, Geroa Baik iragarri du formakuntza politiko moduan ez dela datorren astelehenean, azaroak 28, Goi Ganberan egingo den ospakizun ekitaldira joango.

    Azkenik, Geroa Bairen iritziz urteurren ospakizunez gain, Foruaren Hobekuntzaren 40 urteurrenak Nafarroako autogobernua egungo errealitatetik sendotzeko balio beharko luke. “Bere eguneratzea are eta beharrezkoagoa da azken hamarkadetako eraldaketa sozial eta ekonomiko sakonen aurrean, bai eta Amejoramenduan ezarrita dauden eskumenen garapen osoa lortzeko beharrezkoak diren neurri guztiak bultzatzea ere, horrekin transferitu gabeko eskumenen geureganatzea lortuko delarik”, amaitu du adieraziz.

    Izena eman gure buletina jasotzeko