Chivitek Esparza imitatzea kritikatu du Geroa Baik eta PSN-ri erakunde arteko errespetua eskatu dio
Geroa Baik ziurtatu duenez “María Chivitek Esparza imitatu du Prestazio Handiko Trena dela eta, ez dagozkion papera eta funtzioak bere eginez”, eta “erakunde arteko errespetua” eskatu dio PSNri.
“Chivitek Sánchezen Gobernuarekin Esparzak PPren Gobernuarekin jarduten zuen modu berean egiten ari du, Estatuko Gobernuko delegatuarena eginez interes alderdikoia medio eta bere papera zein den ez dakiela agertuz”, esan du Koldo Martínez Geroa Baiko parlamentuko bozeramaileak.
Martínezek berretsi duenez “ez da jarduteko modu hau kritikatzen dugun lehen aldia, aurretik UPNrekin eta orain PSNrekin, erakundeen arteko errespetu falta baita eta ez dagozkien funtzio batzuen jardutea ere”.
“PHT bezalako gaietan, negoziazioa eta erakundeen arteko akordioa gobernuei dagokie. Tamalgarria da UPNren interes alderdikoia lehenik, eta PSNrena ondoren, lan honetan oztopoa izatea”, nabarmendu du.
Geroa Baiko bozeramaileak gainera gogorarazi duenez “aurreko PSNko buruzagiak, hots Roberto Jiménez edo Carlos Chivite, akordio ezberdinak lortu zituzten gobernu sozialistekin PHT bultzatzeko eta, gaur egun, azpiegitura horren 14 kilometro besterik ez dira errealitate bihurtu”.
“Nafarrak asperturik gaude ezerezean gelditu izan diren iragarpen handiekin azpiegitura honi dagokionez. Nafarroara merezitako trena iris dadin lanean jarraitzea da gure apustua, bidaiari zein merkantzientzako izan behar duen trena, Castejón Euskal Y-rekin lotuko duena eta Europara irteera izango duena”, amaitu du esanez bozeramaileak.
Koldo Martínez