Itzuli

COVID-19aren krisialdia gainditzeko udalek duten garrantzia azpimarratu du Geroa Baik eta haien neurrientzako laguntza eskatu du

Koalizioaren iritziz Aurrekontuen Egonkortasunerako Legea bertan behera uzteak, datozen erronkei aurre egiteko toki erakundek metatutako diru-kutxa soberakina erabiltzea ahalbidetuko du

    Geroa Bai contra el covid-19, coronavirus

    Geroa Baik gogorarazi duenez, murgildurik gauden krisialdiaren aurrean, osasun krisialdiaz gain baita ere ekonomikoa eta soziala den honetan, udalak ezinbestekoak dira herritarren beharrizanak ezagutzeko eta haiei zerbitzu zuzena emateko ere.

    Behin instalazio eta eraikinak ixteko eta jarduera zein zerbitzuak bertan behera uzteko lehen neurriak hartu ondoren, udal mailan bigarren fase batean gaude eta horretan toki erakundeek aipatutako neurrien eragina arintzeko neurriak hartzen ari dituzte. Halaber, haien zerga eskumenen baitan neurri fiskalak ikertzen ari dira, herritar eta enpresen artean osasun krisialdi honen ondorio ekonomikoa arintzeko.

    Geroa Bairen aburuz garrantzitsua da, Udalen eskumenen markoaren baitan, egin beharreko neurriak koordinatu daitezen, horrela aukerako erabakiak eta inprobisazioa ekiditeko edo udal batzuek jada hartzen ari dituzten erabaki edo ekimen batzuek herritarrak eta beste toki erakundeak nahastea ekiditeko ere.

    Horregatik guztiagatik, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren eta Nafarroako Gobernuaren arteko lankidetzaren beharra nabarmendu beharra dago, lankidetza eta koordinazio horrek, neurri koordinatuak ezartzeko baliotzeaz gain, lege aldaketak sustatzeko ere balio dezakeelako, eta Geroa Bairen iritziz, tokiko zergen tramitazioari dagokionez Tokiko Ogasunen Legea malgutzeko aukera badago, alde batetik horien atzeratzea ahalbidetzeko, eta bestetik krisialdi honek larriki kolpatutako pertsona edo enpresen kasuan  hobari edo salbuespen neurriak hartzeko.

    Geroa Baik modu positiboan baloratzen du superabitak erabiltzea ahalbidetzeko Gobernu Zentralak iragarritako malgutzea, baina urrunago jotzea beharrezkoa dela deritzo, bai eta udalak haien diru-kutxa soberakinak eskuratzeko gaitasuna edukitzea ere, datozen erronkei aurre egin ahal izateko. Aurrekontuen Egonkortasunerako Legeak udalen benetako gaitasun ekonomikoa mugatzen du, behin eta berriro salatu izan dugun moduan, eta horregatik indargabetu beharko litzateke.

    Udalek herritarrentzako funtsezkoak diren zerbitzuei erantzuna eman beharko diete, eta aldi berean alarma egoeran zehar zerbitzuak bertan behera uztearen ondorioei aurre egin beharko diete ere, hots tasen itzultzeak, langileei kalte-ordainak, soldaten ordainketa, edo zerbitzu eta horniketarako kontratu administratiboen bertan behera uzteak.

    Aurrekontuen Egonkortasunerako Legearen indargabetzeak, aipatu ditugun afera hauei aurre egiteko udalek haien diru-kutxa soberakin metatuak erabiltzea ahalbidetuko luke.

    Udalek egoera arintzeko neurri fiskalak har ditzakete, hori errazteko lege markoa aldatzen bada. Aldi berean, ondorioei aurre egiteko haien eskumen eta zerbitzu propioak erabili behar dituzte eta legediak hori erraztu beharko du, eta Gobernuek neurri horien alde egin eta horiek ezarri.

    Geroa Bairen aburuz, helburu amankomun baten alde borrokarako bultzada eta lankidetza garrantzitsuak diren une honetan, udalak ezinbestekoak dira krisialdia gainditzeko.

    Izena eman gure buletina jasotzeko