Itzuli

Departamentuak eta nekazaritza antolakundeek BNP-ren inguruan lortutako akordioa defendatu du Geroa Baik

Pablo Azcona parlamentariak azpimarratu duenez, Europar Batasuneko Nekazaritza Ministro Kontseiluaren akordio falta dela eta oraindik ez da Konferentzia Sektorialerako deialdirik egin

    Pablo Azcona Pablo Azcona

    Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuaren eta EHNE, UAGN eta UCAN Nekazaritza eta Elikadura Kooperatiben Batasuna nekazaritza sindikatuen artean Baterako Nekazaritza Politikaren (BNP) inguruan lortutako akordioa defendatu du Geroa Baik, Europar Batasuneko Nekazaritza Ministro Kontseiluko akordioaren atzerapenaren aurrean.

    Pablo Azcona koalizioko parlamentariak ekimen bat abiatu du Nafarroako Parlamentuan, PSN, Podemos eta Izquierda-Ezkerra taldeek ere izenpetu dutelarik, horren arabera Nafarroako Gobernua premiatuz “Departamentuaren eta sindikatuen arteko akordioaren 12 puntuak defendatu ditzan, 2021-2027 eperako BNPren ezarpen ereduaren aurrean Nafarroaren jarrera bateraturako Akordioa dokumentuan jasotzen diren moduan”, bai eta “BNPren bigarren oinarria sendotu dezan ere, Landa Garapeneko gure eskumenak sendotzeko modua delako, bai eta gure lurraldeari eta gure ekoizpen sektorearen errealitateari egokitutako politika propioak diseinatzea ahalbidetzen digun oinarrizko tresna delako”.

    Geroa Baik gogorarazi duenez, “berriki Nafarroako Nekazaritza Kontseiluak bilera monografikoa egin zuen BNPren negoziaketaren egoera analizatzeko, bertan Europar Batasuneko Nekazaritza Ministro Kontseiluaren akordioaren atzerapenaren aurrean bere kezka agertuz, horrek Nekazaritza eta Landa Garapenerako Batzorde Sektoriala zein erkidego autonomoen Konferentzia Sektorialaren eta Planas ministroaren arteko bilera bertan behera geratzea eragin baitu, hasiera batean, urrenez urren ekainaren 4 eta 11 egunetarako aurreikusiak zeuden arren, eta oraindik deialdi berririk gabe daudelarik”.

    Azcona parlamentariak nabarmendu duenez, “foro ezberdinetan (Europako Kontseilua, Europar Parlamentua eta Europako Batzordea) dagoen desadostasuna proposamen berriak ingurumenarekiko duen anbizioan kokatzen da bereziki, eta zehazki ingurumenaren jasangarritasunari eta ustiapenen jasangarritasun ekonomikoaren orekari dagozkien gaietarako bideratu beharreko BNP-ren aurrekontuaren ehunekoan”.

    “Funtsezkoa deritzogu Estatu mailako hurrengo deialdietan Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Parlamentuaren babes argiarekin, ENHE, UAGN, UCAN eta ALINAR nekazaritza antolakundeetako ordezkariekin adostutako jarrera defendatu dezan, horren arabera eskubideetan oinarrituriko ordainketa deuseztatuz, jarduera erreala duten ustiapenei diskriminazio positiborako tresna moduan ordainketa birbanatzailea defendatuz eta nekazaritza familia-ustiapen profesionala sustatuz, hori baita lurraldean jarduera erreala mantentzen duena eta aro berriak planteatzen dituen ingurumen eta jasangarritasun erronkei aurre egiteko gai izango den bakarra”, amaitu du azpimarratuz Geroa Baiko parlamentariak.

    Izena eman gure buletina jasotzeko