Itzuli

Desgaitasuna duten pertsonek bizitza independente bat eskuratzeko aukera erreala mesedetzea funtsezkoa dela deritzo Geroa Baik

Koalizioak nabarmendu duenez, “Foru Parlamentuak burututako txostenak araudi zehatzak ezagutzea ahalbidetzen du, legedia desgaitasuna duten pertsonen eskubideei buruzko Nazioarteko Hitzarmenekin lerratu dadin”

    Isabel Aranburu Isabel Aranburu

    Nafarroako Parlamentuaren, NUPen eta CERMINen arteko Hitzarmen bitartez landu den “Nafarroako foru legedia desgaitasuna duten pertsonen eskubideei buruzko Nazioarteko Hitzarmenari egokitzeari buruzko txostena” emaitza moduan eman duen ekimenarekin pozik agertu da Geroa Bai.

    Isabel Aranburu Geroa Baiko parlamentariak azpimarratu duenez, “desgaitasuna duten pertsonak bazterkeria eta segregazio egoeran bizi izan dira historikoki eta haien babeserako araudia pertsona horien egoera indibidualen arretara bakarrik bideratu da denbora luzez”.

    “Espainiar Estatua barne dagoen Hitzarmen honek 180 graduko biraketa eman zion egoera honi, eta inguruneak planteatzen dituen oztopoetan arreta jartzen zuen desgaitasunaren eredu sozial bat ezarri zuen, desgaitasuna duten pertsonak zeharo autonomoak izan daitezen”, gogorarazi du.

    Aranburuk nabarmendu duenez, “Nafarroak jada pasa den legegintzaldian Irisgarritasun Unibertsalaren Legea onartu zuen, ildo horretan lerratua hain zuzen ere, baina oraindik egiteko dago -eta Txosten honek egiten duen ekarpena da- esparru guztietan beharrezkoak diren araudi aldaketak ezagutzea Nafarroako legedi osoak jasotzen dituen eskubideak Hitzarmenarekin lerraturik egon daitezen: enplegua, gizarte zerbitzuak, bizitza independentea, osasungintza, hezkuntza, kultura, kirola, Justizia eskuratzea, eta beste batzuk”.

    “Hau burutzea oso garrantzitsua dela deritzogu, desgaitasuna duten pertsonek bizitza independente bat eskuratzeko aukera geroz eta errealagoa edukitzea ahalbidetuko baitu, bai eta desgaitasuna desberdintasunerako eta bazterkeriaren aurrean zaurgarritasun handiagorako faktore izateari behingoz utz diezaion ere”, azpimarratu du Geroa Baiko parlamentariak.

    Izena eman gure buletina jasotzeko