Egin gabe dauden Nafarroarentzako transferentziak lehenbailehen burutzera premiatu du Koldo Martínezek Sánchez presidentea
Foruaren Hobekuntza ez dela bere osotasunean betetzen ari gogorarazi dio Koldo Martínez (Geroa Bai) Nafarroako senatari autonomikoak Gobernuko presidenteari honek gaur Senatuan egindako agerraldian, eta duela 40 urte onartu zen lege organikoa bete dezan eta horrela egiteke dauden transferentzia guztiak burutu ditzan eskatu dio.
“40 urte hauetan Moncloatik pasa diren gobernuetako bakar batek ere ez du LORAFNA bete, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeko Lege Organikoa alegia, forutasunaren aitorpena dena hain zuzen ere, nahiz eta Geroa Bairentzako aitorpen partziala izan. Gobernu gehiegik ez dute bete, zuk ezta ere, presidente jauna, Nafarroarenak propioak diren eskumenen zerrenda zehazten duen lege organikoa”, aurpegiratu dio senatari autonomikoak Sánchez presidenteari.
“Egia da, eta horrela aitortzen dizut, transferentziarik gabeko hogei urteren ondoren, zure Gobernuak horietako batzuk adosteko konpromisoa hartu duela. Berriki espetxeetako osasungintzarena eta Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrerarena lortu ditugula, azken hau, bide batez, Gizarte Segurantzako ministroaren aurkako jarrerarekin. Baina zuk, iristen ez diren beste eskumen batzuk iragarri zenituen ere”, aurpegiratu dio Koldo Martínezek Gobernuko presidenteari.
“Horietako bat -gogorarazi du Geroa Baiko senatariak-, Trafikoa eta Bide Segurtasunarena, orduan Nafarroako lehendakari zen Uxue Barkosi handitasunez hitzeman zenion 2018ko urriaren 31an Moncloan, eta gauzatu gabe jarraitzen du. Ulertezina da, presidente jauna, gobernu batek konpromiso bat betetzeko borondate tinkoa badu, hori lau urtetan gauzatzeko gai ez izatea”.
Foruzaingoa, integrala
“Asko gara Nafarroan Foruzaingoa polizia integrala izatea nahi dugunok. Trafiko eskumena, Francok nafarroi lapurtua, polizia integral hori lortzeko ezinbestekoa da, bai eta legea betetzen duela dioen estatu batentzako betebeharra ere”, jarraitu du Koldo Martínezek.
Halaber, Koldo Martínezek gogorarazi du Trafikoaren eskumenaz gain, burutu gabeko beste batzuk daudela ere, hala nola espetxe politika, Kataluniak eta duela denbora gutxitik EAEk ere bere egin dutena; Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoaren kudeaketa; I+G+b; zerbitzu meteorologikoa; aireportuak eta heliportuak; trenbideak; lan politika eta bekak, nahiz eta azken bi hauek modu partzialean aitorturik dauden.
Koldo Martínez