Itzuli

Egiteke dauden transferentziak gehiago atzeratzeko pandemiaren aitzakia eza jartzea eskatu dio Koldo Martínezek Gobernu zentralari

    Koldo Martínez Koldo Martínez

    Nafarroari egiteke dauden transferentziak martxan jartzearen atzerapena pandemiari egotzi dio Carolina Darias Lurralde Politika eta Funtzio Publikoko ministroak. Koldo Martínez Nafarroako senatari autonomikoak ministrioari egindako interpelazioan gogorarazi duenez, 2001 urteaz geroztik gobernu zentral ezberdinek ez dute transferentzia bakar bat ere burutu, eta horri erantzunez, ministro sozialistak egiteke dauden transferentzia batzuetan aurrerapenak daudela adierazi du.

    Dariasek ziurtatu duenez, Gobernu zentralak Nafarroako Gobernuari helarazi dio jada espetxeetako osasungintzaren konpetentzia eskualdatzeko proposamen ekonomiko bat. Eta ziurtatu duenez ere, datarik zehaztu gabe, Trafiko eta Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarreraren kudeaketaren konpetentziak “nahiko aurreraturik daude eta gutxi barru balorazio ekonomiko bat aurkezteko egoeran egongo gara”.

    Senatariak emandako erantzunean azpimarratu duenez “pandemiak sortutako egoera ezin da konpromisoak ez betetzeko edo atzeratzeko aitzakia izan, Berdintasun ministroak zioen moduan, “politika ez baita gelditzen””. Koldo Martínezek gogorarazi duenez “hartutako konpromisoak bete egin behar dira eta ezin dira bestelako gorabeheren itzalean egon. Estatuko gobernu guztien aldetik beti egon da ahazteko nolabaiteko joera. Zuen gobernuaren aldetik ere. Baina, hemen gaude konpromiso horiek gogorarazteko eta horiek bete daitezen eskatzeko, konpetentzia aldetik, konstituzioaren aldetik eta Estatutu aldetik nahikoa oinarri baitago konpetentzia horiek geureganatzeko. Eta erakundeen arteko leialtasunetik eta jasangarritasun printzipiotik garatuko ditugulako”.

    Sánchez presidenteak berak hartutako konpromisoa egonda ere, oraindik gauzatu gabe dauden transferentzien zerrenda aipatu du Koldo Martínezek. Trafiko konpetentzia bere osotasunean Foruzaingoari egokitzeari dagokionez, Geroa Baiko senatariak azpimarratu duenez “ulergarria da covidaren krisialdia, aurrekontuen negoziazioa edo Europako funtsen kudeaketa izatea orain Gobernu zentralaren lehentasuna, baina gogorarazi beharra dut 2018ko urriaren 31an, duela bi urte jada, orduan Nafarroako Gobernuko lehendakari zen Uxue Barkosen eta Pedro Sánchez presidentearen artean egindako aldebiko bilera batean, Trafikoko konpetentziaren transferentzia “legegintzaldia amaitu baino lehen burutzea” adostu zela, 2019ko maiatzean ezarriz data. Eta gaur arte”.

    Bestalde ere gogorarazi duenez, espetxeetako osasungintzaren transferentzia, esparru horrekin harremana duten eragile profesional, sozial edo sindikal guztien artean adostasuna duen eskaera da. I+G+b eta beka politiken alorreko konpetentziak aipatu ditu ere, Foru Komunitateak Estatuari Hitzarmenaren bidez egiten dion ekarpena baino gutxiago jasotzen baitute Nafarroako ikasleek.

    Senatari autonomikoak Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarreraren transferentzia aipatu du ere eta foru exekutiboek Errenta Bermatuaren kudeaketan egindako lana goraipatu du, adibide moduan jarriz Espainian BGDren kudeaketa kaotikoaren aurrean.

    “Geroa Baitik honakoa edo Nafarroakoa bezalako exekutibo aurrerakoien aldeko apustu estrategikoaren aldeko apustua mantentzen dugu, horretarako izenpetu baikenuen bizikidetzazko eta berdintasunezko legegintzaldi berritzaile eta aurrerakoi baterako Programa Akordioa, eta autogobernuaren puntuan horrela dio: ‘Foruaren Hobekuntzan ezarritako konpetentzien garapen osoa bultzatuko dugu’. Egin ezazue. Hemen eta Nafarroan egonkortasunaren alde egiten dugun tinkotasun berarekin eskatzen baitugu hartutako konpromisoak bete daitezen, gure autogobernua errespeta dezazuen eta egiteke dauden konpetentzien transferentzia egin dezazuen”, ziurtatu du irmoki.

    Izena eman gure buletina jasotzeko