Itzuli

Egoera eutsiezin eta onartezin baten aurrean Geroa Baik Remírez premiatu du merituen baloraziorako dekretua berehala tramitatu dezan

Koalizioak ziurtatu duenez “lehiaketa-oposiziorako deialdiek gure hizkuntza eta oposiziogileak diskriminatzen dituzte, eta euskal hiztunak diren herritarrei arreta ematearen aurka doa”.

    Geroa Baik berriro ere premiatu du Nafarroako Gobernuko lehendakariorde eta Presidentzia kontseilaria den Javier Remírez, honek Merituen Baloraziorako Dekretua lehenbailehen tramitatu dezan, eremu mistoko lehiaketa-oposizioetan edo tokialdaketa deialdietan euskara meritu moduan ez baloratzeak, beste hizkuntza komunitarioak ordea baloratuz, egoera eutsiezin eta onartezin bat  eragiten baitu.

    Nafarroako Aldizkari Ofizialean Erizaintzako 424 lanpostuko lehiaketa-oposizio berri baten deialdia argitaratu ondoren Geroa Baik ziurtatu duenez, “gure hizkuntzarekiko eta oposiziogile euskaldunekiko diskriminazio berri baten aurrean gaude, baina beste ezeren gainetik, euskal hiztunak diren herritarrei arreta ematearen aurka doan egoera baten aurrean”.

    Koalizioaren aburuz, “Funtzio Publikoan euskara meritu moduan balioestearen inguruan Gobernukide garen heinean ditugun desadostasunetatik haratago, agerikoa da Merituen Baloraziorako Dekretua berandu iristen dela, UPNren Gobernuek ere inposatu ez zuten egoera bat sortuz”.

    “Ezin liteke Administraritzara sartzeko deialdietan edo tokialdaketa deialdietan frantsesa, ingelesa eta alemana baloratzea, bitartean gure hizkuntza propioa baloratu gabe utziz; eta ezin liteke ere frantsesez, ingelesez eta alemanez komunikatzeko gaitasuna baloratzea eta gure hizkuntza propioan komunikatzeko gaitasuna ez baloratzea”, azpimarratu du.

    Geroa Baik gogorarazi duenez, “maiatzean jada, Remírez lehendakariordeak dekretua onartzeko tramiteak has zitzan eskatu genuen bai Gobernuaren baitan bai eta publikoki ere, egoera honek euskaldunak diren pertsonen eskubideak de facto zigortzen baititu, hauek ezin baitute Administraritzara sartzeko edo bere baitan tokialdatzeko euskararen ezagutza meritu moduan baloratu”.

    Hortaz, koalizioak Merituen Baloraziorako Dekretua desblokeatzera premiatu du, “euskal hiztunen eskubideak urratzen ez jarraitzeko”. “Onartezina da euskaldunek lehiaketa-oposizioetara eta tokialdaketa deialdietara aurkezteko gainontzekoek dituzten baldintza berberak ez edukitzea, haien meritu guztiak aitortuz alegia”, azpimarratu du.

    Horregatik, Geroa Baik gai honi buruz galdetuko dio Remírez lehendakariordeari Nafarroako Parlamentuaren hurrengo Osoko Bilkuran, dekretua aurkeztu eta tramita dezan eskatzeko berriro ere, bai eta argitaratu den azken deialdia eta besteak ere zuzendu daitezen.

    “XXI mende betean hizkuntza propio baten balioa ez defendatzea, bai komunikazio tresna moduan bai eta ondare moduan, kulturaren eta bizikidetzaren alde egiten duen gobernu aurrerakoi baten errealitatea kontraesanean jartzen du”, amaitu du adieraziz koalizioak.

     

    Izena eman gure buletina jasotzeko