Eguesibarreko gazteria eta ludoteka-liburutegi teknikari plazetan euskara jakiteko baldintza kendu izana salatu du Eguesibarreko Geroa Baik
Koalizioaren aburuz erabaki hau onartezina da, bereziki kontuan izanik gaur egun Eguesibarreko ikasleen %30ek D ereduan ikasten dutela eta beste ehuneko handi batek A ereduan egiten dutela ere
Eguesibarreko UPN, Eguesibar Bizi, PSN, Vecinos Por el Valle eta PP udal taldeek atzo, ekainak 26, egindako udalbatzan, gazteria teknikari plazarentzako euskara jakiteko baldintza kendu izana salatu du Eguesibarreko Geroa Baik.
Koalizioaren arabera, “honek de fakto zera esan nahi du; gazteria teknikariak eskaintzen duen zerbitzua euskaraz izatekotan, berak hala motu propio erabaki duelako izango dela, atzo onartutakoaren arabera ez baitu euskaraz arreta emateko betekizunik”.
Udal taldetik adierazi dutenez, “herritarren hizkuntza eskubideen defentsarako berme izan behar dute erakunde publikoek, eta kasu honetan, euskara jakiteko baldintza kentzea onartu zuten taldeen erabaki honekin, euskal hiztunen eskubideak ahazten dituzte eta funtzionario plaza hori une ezberdinetan jarduten duen langilearen borondatera mugatzen dute”.
Geroa Baik gogorarazi duenez, “gaur egun Eguesibarreko ikasleen %30ek D ereduan ikasten dute eta beste ehuneko handi batek A ereduan egiten dute ere, hauek guztiek ez dutelarik gazteria teknikariaren aldetik euskarazko arreta jasotzeko aukerarik edukiko”.
Udalbatza berean, azpimarratu du koalizioak, “UPN, PSN, Vecinos por el Valle eta PP taldeek, Ludoteka-Liburutegi plazan euskara jakiteko baldintza kendu zuten, plaza horietan lan egiten dutek teknikariek zerbitzu hau erabiltzen duten herritarrei euskaraz arreta emateko betekizuna edukitzea kenduz”.
Koalizioko zinegotziek zehaztu dutenez, “jokabide honek ez gaitu harritzen, bereziki jarrera euskaraofobo bera mantendu duten zenbait taldeen aldetik, baina bai politikagintza aldatzera zetozela zioten Eguesibar Bizi bezalako taldeen aldetik, behin eta berriro UPNren aldarriekin bat egiten baitute”. “Azkenean euskal hiztunon komunitateak galtzen du beti”, alkateak esan arren zerbitzu hauetan euskarazko komunikazioa ez zela galduko, “euskara jakitearen baldintza kentzeak, zerbitzu publikoen aldetik hizkuntza ezagutzearen betebeharra kentzea esan nahi baitu”, ziurtatu dute Geroa Baiko zinegotziek.