Eguesibarreko Geroa Bairen aburuz Nafarroako Administrazio Auzitegiaren ebazpenak Navarra Sumak burututako isunen kudeaketa ezin okerragoa agerian uzten du
Koalizioa NAAren ebazpenarekin ados agertu da eta kobratutakoaren itzulpena bete dadin zaindari egongo dela ohartarazi du
Sarrigurenen abiadura isunak bertan behera uzten dituen NAAren ebazpenarekin ados agertu da Eguesibarreko Geroa Bai eta “hasieratik Navarra Sumak burututako kudeaketa ezin okerragoa” agerian uzten duela iritzi du. Koalizioaren aburuz “NAAren ebazpenak gobernu taldearen kudeaketa okerra agerian uzten du, isunen dirua ez itzultzen saiatzeko bide guztiak agortzen tematurik egon baita, azkenean NAAk zuzenbidearen araberakoak ez zirela adierazi arte”.
Geroa Baik gogorarazi duenez, Helena Arruabarrena zinegotziak hasieratik eskatu zuen “isunen itzultzea egin zedin, jarduteko moduan hutsegiteak zeudela edo sakonean akatsak zeudela susmatzen bazen ekintza administratiboak ofizioz berrikusi behar zirela argudiatuz, honako hau legeak jasotzen duen moduan alegia”.
2021eko otsailean Eguesibarreko Udalaren gehiengoak txosten independente bat eskatu zuen salaketak ikertzeko eta akatsik aurkitzekotan horiek bertan behera uzteko. Eskatutako txostenaren arabera, akatsak baziren eta isunak itzuli beharra zegoen.
Txosten honen ondorioak argiak izan arren, Geroa Baik gogorarazi du Navarra Sumak isunak kudeatzen dituen enpresari 4.000 euro ordaintzeko erabakia hartu zuela, honek beste txosten bat idatz zezan. “Enpresak, epaile eta alde interesatu zen heinean, isunak zuzenak zirela ebatzi zuen, eta hau izan zen Navarra Sumak aitzakia moduan erabilitako txostena udal akordioa ez betetzeko eta modu okerrean kobratutako isunak ez itzultzeko”, salatu du koalizioak. “Gobernu taldeak NAAra jotzeko erabakia hartu zuen eta azkenean, bere ebazpenak argi uzten du isun horiek ez zirela zuzenak”, ziurtatu du.
Eguesibarreko Geroa Baik adierazi duenez, “horren emaitza, urtebeteren ondoren, 4.000 euroren ondoren, zera da, Navarra Suma oker kobratutako isunak itzultzera beharturik dagoela”. “Diru-bilketa nahia baino beste zentzurik ez zuten 1.400 isun baliogabeak direla ebatzi da”, ziurtatu du.
Azkenik, koalizioak bere poza agertu nahi du ebazpenaren aurrean eta Navarra Sumak modu okerrean kobratutako isunak ofizioz itzul daitezen zaindari egongo dela ohartarazi du.