Itzuli

Eguesibarreko herritarrentzako kalitatezko zerbitzu eta dotazioen planifikaziorik gabe doan edozein planteamendu urbanistikoren aurka egongo da Geroa Bai

“Aurkakoa egiteak, etxebizitzaren arazoari konponbidea ematetik urrun, egoera gehiago larrituko du”

    Sarrigurenen milaka etxebizitza eraikitzeko egindako iragarpenen funtsa eta forma gaitzetsi ditu Eguesibarreko Geroa Baik. Koalizioak ziurtatu duen moduan, Sarrigurenen etxebizitzak eraikitzeko bai Chivitek bai eta UPNk ere proposatu dituzten proiektu urbanistikoek “ez dituzte funtsezko alorrak kontuan hartzen, hala nola jada gune horretan bizi diren herritarrentzako beharrezkoak diren azpiegiturak, zerbitzuak eta dotazioak, oraindik ez baitira egungo bizilagunek behar dituzten zerbitzuetako asko garatu”. 
    Joseba Orduña Eguesibarreko Geroa Bairen bozeramaileak azaldu duenez, “lehenik eta behin, kezkagarria da planteatu diren bi proiektuek lurraldearen ordenaziorako plan integralik gabe aurkeztea”. “Bide azpiegiturak, osasungintzarenak, hezkuntza eta zerbitzu publikoetarako azpiegiturak, proiektatzen den hazkundearen araberakoak izatea bermatu behar dute plan horiek”, azpimarratu du zinegotziak. “Gaur egungo bizilagunei zein aurreikusten direnei arreta emateko egungo baliabideek duten gaitasunaren analisirik gabe, ikuspegi eta ardurarik ez duen proposamen baten aurrean gaude”, nabarmendu du Orduñak.
    “Gainera, Eguesibarreko Geroa Bain hazkunde jasangarri baten alde egiten dugu, eraiki beharreko etxebizitza kopurua kontuan hartzeaz gain, bertakoen bizi kalitatean arreta jarriz”, azaldu du Geroa Baiko zinegotziak. “Iragarpen hauek, gure iritziz, azaleko moduan eta alderdikoitasunez aurkeztu dira, gure komunitateak aurre egin beharreko arazo konplexuenetako bati heltzeko beharrezkoa den zorroztasunik gabe”, deitoratu du. 
    Orduñaren arabera, “lurraldearen ordenamenduak hausnarketa serioa eta analisi sakona behar ditu, ez presaz hartutako erabakiak, hauek, azken finean, arazo gehiago sor baititzakete konpontzen dituenak baino”. “Herritarren benetako beharrizanak kontuan hartzea ezinbestekoa da, bai eta hiri garapenarentzako egokiak diren espazioak sortzea, honek behar dituen azpiegitura eta zerbitzuekin”, ziurtatu du zinegotziak. 
    Orduñak azpimarratu duenez, “Sarriguren lo-hiri bihurtzearen aurka da erabat Eguesibarreko Geroa Bai”, aldi berean gogoraraziz “Sarriguren planifikaziorik gabeko garapenaren eredu argia izan dela, zerbitzu bermerik gabe eta eskola, osasungintza eta aisialdi masifikazio arazoei aurre egin behar izan diela”.
    “Sarriguren handitzeko planteamenduak egitea ez da arduratsua horren aurretik ez badira egungo herritarren beharrizan sozial, kultural, kirol eta osasungintzarenei erantzuna ematen, urte askotako atzerapena baitute”, ziurtatu du zinegotziak. Horregatik guztiagatik, egungo zein etorkizuneko bizilagunentzako kalitatezko zerbitzuen bermerik eskaintzen ez duen edozein planteamendu urbanistiko berriren aurka egongo da Eguesibarreko Geroa Bai. “Aurkakoa egiteak, etxebizitzaren arazoari konponbidea ematetik urrun, egoera larrituko du”, amaitu du adieraziz Geroa Baiko zinegotziak

    Izena eman gure buletina jasotzeko