Itzuli

Geroa Bai, PSN eta EH Bilduk milioi bat euroko zuzenketak adostu dituzte ostegun honetako Osoko Bilkuran aurrekontu aldaketen inguruan eztabaidatzeko

Hiru taldeek 2019ko IFSetan bultzaturiko proiektuak mantetzeaz gain, partida berriak gehitzen dituzte auzo, kultura, mugikortasuna, hezkuntza, kirola, merkataritza eta turismo alorretan

Javier Leoz Javier Leoz

Ostegun honetako Osoko Bilkuran, Navarra Sumak eztabaidarako eramango duen aurrekontuen modifikazioaren inguruan, EH Bildu-k, PSN-k eta Geroa Bai-k milioi bat euroko balioa duten emendakinak defendatzea eta alde bozkatzea adostu dute. Udalaren gehiengoa ordezkatzen duten hiru talde hauen akordioa bi printzipiotan oinarritzen da: Alde batetik, 2019an onarturiko IFSak eta aurrekontuen modifikazioen barnean, hiru indarrek, bultzaturiko proiektuen finantzaketa mantentzea; eta beste aldetik, auzo, kultura, mugikortasuna, hezkuntza, kirola, merkataritza eta turismo alorretan banatzen diren 12 proiektuetarako inbertsio berriak bultzatzea. 

Hain zuzen ere, EH Bildu-k, PSN-k eta Geroa Bai-k mugikortasun iraunkorreko hiru inbertsio aurrera ateratzea adostu dute: Arrotxapea eta Etxabakoitzeko (Urdanoz Taldea) aparkaleku “disuasorio eta intermodal” berriak bultzatzea (130.000 euro), San Frantzisko berrurbanizatzeko eta oinezkoentzat bihurtzeko proiektua (50.000 euro) eta zentroa egokitzeko planaren bigarren fasearen proiektua idaztea (Bosurbanizazioa barne). Trantsizio ekologikoaren arloan ere, 20.000 euroko partida bat defendatuko dute Lezkairun dagoen Pioneren parkeko hiri-baso txiki baterako.

Hezkuntzan, eta zehazki Haur Eskoletan, 200.000 euroko partida aurreikusten du akordioak, Lezkairuko etorkizuneko zentroaren lanak martxan jartzeko. Era berean, kulturari dagokionez, 50.000 euroko partida bat onartzea aurreikusten da, Ziudadelako Armen Aretorako lotura zibilen eta altzarien gela argiztatzeko eta seinaleztatzeko.

Auzoen arloan, Mendillorrin espaloiak birgaitzeko (100.000 euro) eta Arrosadian, Azpilagañan eta Santa Maria La Realen jada aurreikusita dauden ekintzak bultzatzeko (100.000 euro) partida zehatzak jasotzen ditu akordioak, EDUSI proiektuaren barruan. Kirolei dagokienez, eta baita auzoen zuzkiduren barruan ere, 150.000 euroko partida aurreikusi da San Jorge-Sanduzelain Softball zelaia eraikitzeko, eta Buztintxuri ikastetxeko jolastokian kirol-pistaren estalkia hobetzeko proiekturako 50.000 euro inbertitzea ere adostu da.

Azkenik, Merkataritza Plana (60.000 euro) eta Turismo Plana (40.000) garatzeko partidak aurreikusten ditu lortutako akordioak.

Inbertsio horien guztien finantziazioa, eskuineko hirukoak planteatutakoak baino lehentasunezkoagotzat jotzen direnak, Animsaren partidetatik kenduko da (900.000 eurotik 350.000 eurora jaitsi da, baina langileei ordainketa noski bermatuz), Trinitarioetako tren-parkearen proiektutik (200.000 euro), bere kudeaketa-eredua zehaztu arte, eta instalazio semaforikoetarako eta eraikinen mantentze-lanetarako esleipenen doikuntzatik (250.000 euro guztira). Nolanahi ere, EH Bildu-k, PSN-k eta Geroa Bai-k konpromisoa hartu dute proiektu guzti horiekin, finantzazioa eransteko etorkizunean onartuko diren aurrekontu-aldaketetan.  Aldaketa horiek, ziurrenik, ekainean eta irailean onartuko lirateke.

2019an itundutako proiektuekin jarraitzeko bermea

EH Bildu-k, PSN-k eta Geroa Bai-k adostu dute, halaber, finantzazioa bermatzea IFSen eta 2019ko aurrekontuen aldaketen barruan hitzartutako proiektu guztiei, baita aurreko legealditik datozen eta kanpoko finantzaketarekin lotuta dauden inbertsioei ere. Lehen taldearen barruan daude, besteak beste, Oscoz Taldearen eraistea, Urdanoz Taldean espaloiak berritzea, Doctor Juaristiko (San Jorge) korridore iraunkorra, Maria Auxiliadora (Txantrean Poliki proiektua), San Jorge-Gridillas parkeko lanak (ERDIGUNE) edo San Pedroko etxebizitzak berritzea, bizitegi-larrialdietarako erabiltzeko. Emakumeen Etxearen II. fasea, Carbonillako Komunitate Zentroan hobekuntzak atal horretan ere sartuko lirateke, Sanduzelaiko ikastetxe publikoan konponketak egiteko diru partidak bezalaxe.

Kanpoko finantzaketaren menpe dauden inbertsioen jarraipenaren bermearen barruan daude, besteak beste, Hegoalde ikastolako estalkiaren obrei esleitzea, Txantreako kaleak berrurbanizatzea, Orkoiengo pasabidea (guztiak Nafarroako Gobernuaren finantzaketarekin), fotolindegi bat eraikitzea, argiteria adimenduna eta Stardust-ari esleitzea (guztiak ere Europar Batasunari lotuta).

Azkenik, eta gizarte-arloko konpromisoei dagokienez, udal-gehiengoa ordezkatzen duten hiru taldeek finantzazioa ziurtatuko dute, hau da, garapenerako lankidetzarako aurrekontuaren % 0,78a eta lantegi-eskolen eta gizarte-enpleguko ekimenen jarraipenerako aurreikusitako esleipenen % 100a.

Izena eman gure buletina jasotzeko