Itzuli

Udalak Komunitate Garapeneko prebentzio-programetara bideratutako finantziazio-lerroak handitu ditu, 530.000 euro baino gehiagoko Estatuko diru-laguntza bati esker

Komunitate Garapenak prebentzioko programak lantzen ditu gazte- eta kirol-arloan, prebentzio-zerbitzuetan eta zentro komunitarioen arloan.

Esther Cremaes Esther Cremaes

Iruñeko Udalak 530.000 euro baino gehiago jotzen duen diru-laguntza eskuratu du Komunitate Garapeneko prebentzio-programetarako, Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioaren deialdiaren barruan, zeina zuzenduta baitzegoen “droga-mendekotasuna prebenitzeko programak egiten dituzten tokiko korporazioei, legez kontrako droga-trafikoan eta horrekin loturiko beste delituetan atzemandako ondasunen funtsaren kargura”.

Komunitate Garapeneko zinegotzi ordezkari Esther Cremaesek eta Alorreko zuzendari Ana Goiak gaur goizeko prentsaurrekoan eman dute jasotako diru-laguntzaren xehetasunen berri. Diru-laguntza hori bat dator Alor berria aurkeztu zenean azaldutako lan-ildoetako batekin, hain zuzen ere, finantziazio-iturri eta -aukera berriak ikertzea ezarri zuenarekin, udal-zerbitzuek ulertzen baitute beren ardura dela izan daitezkeen deialdi guztietara aurkeztea. Izan ere, Iruñeko Udalak deialdi horretan parte hartzea erabaki zuenean, gutxieneko zuzkidura 2.000 eurokoa zen, eta hori handituz joan liteke polizia-sarekadetan atzeman zitezkeen ondasunen arabera.

Diru-laguntza horri batu behar zaizkio beste 85.928 euro,  Osasun Publikoko Institututik jasoak, Drogamenpekotasunen kontrako Foru Planaren barruan, honako deialdi honetan: “Diru-laguntzen deialdia, tokiko entitate, fundazio eta irabazi-asmorik gabeko elkarteei zuzendua, 2018. urtean osasun-programak garatzeko”. Kopuru hori azken urteotan eta deialdi horren barruan lortutako kopururik handiena da.

 

1,1 milioi euroko inbertsioa, aurten, prebentzio-ekintza komunitarioan

Estatuko deialdiak diru-laguntzak bideratzeko bi xede ezartzen zituen. Alde batetik, prebentzioa sustatzea, droga-kontsumoa eragotzi eta murrizte aldera, kontsumo horrek osasunari eragiten diola ulertzen baita. Beste alde batetik, segurtasun publikoarekin loturiko delituak eragotzi edo murriztekoa. Emandako 531.143 euroko laguntza Iruñeko Udalak prebentzio-ekintza komunitarioko programetarako egin duen inbertsioaren araberakoa izan da, eta aurten inbertsio horrek 1.136.000 euro jo du.

Komunitate Garapeneko Alorrak gazteria, kirol, prebentzio-zerbitzu eta zentro komunitarioen arloetako prebentzio-programetan egiten duen lanaren barruan daude hiriko zortzi auzotako Prebentzio Ekintza Komunitarioko Zerbitzuak. Zerbitzu horiek haur, nerabe eta familiei zuzendutako programak antolatzen dituzte, xede hartuta herritar horien artean ez gertatzea arrisku- zein babesgabetasun-egoerarik. Eskola-ordutegitik kanpoko jarduerak egiten dituzte haur eta gazteekin, metodologia partizibatibo baten bidez, hartara haurren eta nerabeen oinarrizko prebentzio- eta babes-egitura bat gauzatuta auzoetan. 2017an, adingabeendako antolatutako jardueretan 6.000 lagunek baino gehiagok hartu zuten parte, eta horiei gehitu behar zaizkie elkarte horiek kalean antolatutako hamarka ekitaldiatan parte hartu zuten milaka lagunak.

 

Jarduera osagarriak

Zerbitzu hauekegiten dituzten prebentzio-jarduerak eta proiektuak Udalak egiten dituen jardueren osagarriak izango dira. Jarduera horien xedea hau izango da: “Haurren eskubideen sustapena eta babesa beren lurralde eremuan, auzoan alegia; haur eta nerabeen prebentzioa eta babesa haur eta gazteen auzo-elkarteetatik, eta beste baliabide soziokomunitario batzuetatik”.

Garatutako programak honako hauek izan dira: parte-hartze soziokomunitarioa; gizarte- eta hezkuntza-laguntza; koordinazio instituzionala; komunitateen arteko sare-lana, eta prestakuntza zein ikerketa-, garapena- eta berrikuntza-programak. Halaber, egindako jarduerak lau arlotan banatzen dira: kirola (mendira egindako txangoak, kirol-eskolak zein  kirol anitzekoak); arlo ludikoa (ludotekak, kanpaldiak, trukeak, kale-animazioa eta familiendako zinema); prestakuntzakoak (eskola komunitarioa, prestakuntza, Lehen zein Bigarren Hezkuntzako ikasleendako eskola-laguntza), eta beste batzuk (Europako boluntariotza zerbitzuan parte hartzea eta adingabe zein familiendako berariazko laguntza). Gainera, Udalaren Prebentzio Ekintza Komunitarioko Zerbitzuek laguntza teknikoa ematen diete auzoetako gizarte- eta hezkuntza-proiektuei (gurasoen prestakuntzari eta elkarbizitzari buruzkoak); baita kultura- edo hirigintza-arloko proiektuei ere.

Lan-ildo horretan, eta gai berberaren inguruan, aurten Komunitate Garapeneko Alorra hasi da zabaltzen sanferminak ez diren beste jai eremu batzuetara alkohol eta droga kontsumoarekin loturiko arriskuei aurrea hartu eta halakoak gutxitzeko gazteendako udal-programa. Programa honen asmoa ez da kontsumoa normalizatzea, baizik eta egun dagoen errealitateari erantzuna ematea eta argi eta garbi uztea arriskurik gabeko kontsumorik ez dagoela.

 

Iturria: Iruñean, 2018ko maiatzaren 18an

Izena eman gure buletina jasotzeko