Iruñeko Udalak hitzarmen bat sinatu du Buztintxuriko zentro komunitarioa erabiliko duten kolektiboekin, erabilera eta funtzionamendua arautzeko
Zentroak Udalaren bi lokal hartzen ditu, Santa Luzia pasealekuan bat eta Gipuzkoako etorbidean bestea, auzoa gizarte- eta auzo-mailan garatzeko baliogarri izango direnak
Iruñeko Udalak hitzarmen bat sinatu du gaur goizean Buztintxuriko Gizarte Ekimenetarako Zentro Komunitarioko (GEZK) erabiltzaile diren entitate eta kolektiboekin, zentroaren erabilera eta funtzionamendua arautzeko. Santa Luzia pasealekuko 60. zenbakiko behean eta Gipuzkoako etorbideko E lurzatian kokatuta dauden Udalaren bi lokal dira, Buztintxuriko hainbat kolektibok eskura dituztenak auzoaren eta gizartearen aldelan egiteko. Kolektiboak honako hauek dira: Buztintxuriko Auzo Elkartea, ABIME (Haur, Nerabe eta Familien Ongizate Integralerako elkartea), Areto Futboleko Buztintxuriko elkartea, Buztintxureando Txuri haur- eta gazte-elkartea, Bizilaguna Acción Social elkartea, Buztintxuriko Joaldunak, Unzutxiki Berri elkartea eta auzoko erraldoi eta buruhandien konpartsa. Horien guztien ordezkariekin sinatu du Udalak hitzarmena, nahiz eta testuak jasotzen duenarekin bat, beste entitate batzuk ere sartzen ahalko dira aurrerantzean.
Iruñeko Udalaren izenean, Komunitate Garapeneko zinegotzi ordezkari Esther Cremaes eta auzo horreetako zinegotzi Mikel Armendáriz egon dira sinadura-ekitaldian, eta beste aldearen izenean, Buztintxuriko Gizarte Ekimenetarako Zentro Komunitarioko erabiltzaile diren kolektiboak. Hitzarmen honen bidez Udalak Buztintxuriko biztanle-sektore desberdinen elkarte-mugimendua babestu eta bultzatu nahi du, eta, halaber, talde, belaunaldi eta kulturen arteko elkarbizitza eta elkartasuna sustatu, eremu horretako kolektibo zaurgarrienen bazterketari aurrea hartzeko neurri gisa. Orobat, udal zerbitzu publikoen presentzia areagotu nahi du, herritarren interesekin bat datorren jarduera-eskaintza baten bidez, zeina gertutik eta elkarren arteko kudeaketaren bidez antolatuko baita. Helburuen artean dago, baita ere, auzoko entitateen erantzunkidetasuna eta inplikazioa suspertzea.
Buztintxuri GEZKeko ordutegia 08:00etatik 22:00etara izango da, astelehenetik larunbatera. Zentroan egiten ahalko diren jarduerek hezkuntza-, prestakuntza-, kultura-, gizarte- edota aisialdi-arloak ukituko dituzte, eta pertsonen arteko harreman sozialak eta elkartegintza sustatzearekin lotuta egongo dira, izan aldian aldiko jarduerak edo proiektu finko batekoak. Espresuki bazterturik daude eduki politikoa edo erlijiosoa eta izaera partidista zein sektarioa duen jarduera oro.
Iparraldeko Buztintxuri GEZKeko instalazioetan (Gipuzkoako etorbidea, E lurzatia) honako hau dago: beheko solairuan, sei areto, biltegia eta bi komun; eta lehenengo solairuan, bost areto eta komun bat. Guztira, beraz, instalazioek 520 metro koadro jotzen dute. Hegoaldeko Buztintxuri GEZKak (Santa Luzia pasealekua 60, behea) baditu hiru ikasgela, erabilera anitzeko areto bat eta bi komun, horietako bat egokitua.
Kudeaketa-batzordea
Sinatutako hitzarmenean jasotakoarekin bat, Buztintxuri GEZKa kudeatuko du kudeaketa-batzorde batek, zeina Iruñeko Udaleko eta kolektibo erabiltzaileen batzarreko bina kidek osatuko baitute. Kudeaketa-batzordearen parte izango da, baita ere, hitzarekin baina botorik gabe, prebentzio ekintza komunitarioko zerbitzua, zeinaren kudeaketa, auzo horretan, Buztintxureando Txuri haur- eta gazte-elkartearen esku baitago. Batzorde horrek ezarriko ditu funtzionamendurako barneko arauak, jarduera iraunkorren proiektuak baloratuko ditu, bai eta erabilera-eskaerak ere.
Hitzarmenean beste alderdi batzuk ere jasotzen dira, besteak beste, zentroa erabiltzen duten pertsonek eta elkarteek instalazioak eta bitarteko materialak zaindu behar dituztela, eta horiek egoki eta erantzukizunez erabili. Udala arduratuko da mantentze-lanez eta garbiketaz, baita hitzarmen hau betetzen dela jarraitzeaz ere. Zentroko jarduerak era bateratuan hedatzeko sistemak sortuko dira.
Iturria: Iruñeko Udala, 2018ko maiatzaren 3an
Esther Cremaes