Itzuli

78ko sanferminetako gertakariak aztertu dituen lantaldearen irizpenaren ondorioa da sumarioa berriz ireki beharko litzatekeela, eta kereila bat aurkeztu, gizateriaren aurkako zioengatik

Ondorioztatu denarekin bat, aldez aurretik pentsatutako plan bat zegoen iruindarrak erreprimitu eta eskarmentatzeko, eta ikerketa judiziala zabarkeriaz egin zen

Mikel Armendariz Mikel Armendariz

Lantaldearen irizpenak, Nafarroako Unibertsitate Publikoak 1978ko sanferminen harira egindako dokumentazio-txosten teknikoa oinarri hartzen duenak, ondorioztatu du funtsezkoa dela sumarioak berriz irekitzea, bere garaian onartu baina inoiz egin ez ziren proba guztiak egitea, eta kereila bat aurkeztea, gizateriaren aurkako delituen kontzeptuarekin bat, zeinean hori guztia islatuko baita. Irizpenaren beste ondorio batzuen arabera, gertakariak iruindarrak erreprimitu eta eskarmentatzeko aurrez pentsatutako plan baten ondorio izan ziren eta ikerketa judiziala zabarkeriaz egin zen, eta horregatik ikerketa berria egitea sustatu beharko litzateke. Txostenaren xehetasun guztiak aurkeztu dituzte Iruñeko alkate Joseba Asironek eta NUPeko Nerea Pérez Ibarrolak, gobernu-taldea osatzen duten lau alderdietako kideek lagunduta: Joxe Abaurrea (EH Bildu), Mikel Armendáriz (Geroa Bai), Manuel Millera (Aranzadi) eta Iñigo Rudi (I-E).

1978ko sanferminetako gertakariei buruzko dokumentazio-txosten teknikoa NUPeko Emilio Majuelok eta Juan Carlos Garcíak egin dute, eta lantaldean honako hauek hartu dute parte: Josu Chueca, Pedro Ibarra, Amaia Kowasch, Jacinto Lara, Nerea Pérez, Pepe Uruñuela eta Begoña Zabala. Txostena jendaurrean aurkeztuko da ekitaldi instituzional batean, ekainaren 8an, ostiralarekin, 19:00etan, Gayarre antzokian, non ikus-entzunezko bat aurkeztu eta mahai-inguru bat ere egingo baita.

Horrela islatuko da 2017ko azaroaren 2ko Osoko Bilkurak hartutako erabakia, zeinaren bitartez onetsi baitzen batzorde bat eratzea, arlo akademiko zein juridikoko eta memoria historikoaren arloko prestigio handiko adituek osatua, 1978ko sanferminetako gertakarien harira garatzeko egia, justizia eta ordaina oinarri dituen prozesu bat. Horretarako irizpen bat egitea adostu zen, non zehaztuko baitziren festa haietan izandako giza eskubideen urraketak eta horien ondoriozko erantzukizunak.

 

Arriskugarritzat jotzen ziren biztanleak erreprimitzeko plan bat

Testuak 250etik gora orrialde ditu, eta ondorioztatzen du, argi dagoela, antza, aldez aurretik pentsatutako plan bat zegoela Ordena Publikoko Indarrek (FOP) errepresio bortitza erabiltzeko 1978ko sanferminetan, modu horretan biztanle nafarrak eskarmentatzeko, erreferente arriskugarritzat baitzituzten langileen herri-borrokan. Hori guztia errepresio-testuinguru gogor batean, oraindik eragina zuen erregimen frankistaren ordezkarien eta haiekin lotuta zeuden muturreko eskuineko elementu jakin batzuen babespean. Izan ere, kargatu eta jai-giroan zegoen jende-piloaren aurka tiro egiteko agindua eman zutenen asmoak, helburuak eta espero ziren emaitzak itzalpean geratu dira, ezin izan baita egiaztatu froga fede-emaileen bidez  interes-egitura horren zentzua.

Halaber, txostenak aditzera ematen du ikertutako gertakariak, zio politikoak zirela medio biztanle-talde handi baten aurka burutu eta aldez aurretik pentsatuta zeuden jarduketak izan ziren aldetik, inolako arazorik gabe sar litezkeela gizateriaren kontrako delituen kontzeptuaren barruan, ezertan galarazi gabe gertakariek banan-banan mereziko lituzketen izendapen zehatzak (erailketa, kalteak, lesioak...). Adierazten da ikerketa judiziala zabarkeriaz egin zela, ez zela nahikoa izan, eta indarren beraien eta gertakarien errudunen esku-hartzeak baldintzatu zutela; hartara, beharrezkoa litzateke sumarioak berriz irekitzea eta ikerketa serioa eta efizientea egitea.

 

Zenbait sumario sustatzeak ikerketari trabak baino ez jartzea ekarri zuen

Hori horrela, agerikoa da egintza guztiek bazutela asmo bat eta bera; gainera etenik gabe egin ziren, eta beraz, ez zeukan inolako zentzurik ikerketa zenbait sumariotan banatzea. Ikerketarentzat trabak baino ez zituen ekarri, eta hori zen, segur aski, xedea. Horregatik, eta igaro den denbora aintzat hartuta, beharrezkoa litzateke ikerketa judiziala ahal bezain laster egitea; izan ere, horrenbeste denbora pasa izanak zailtasunak ekarriko ditu, ezbairik gabe, eta gerta daiteke ere lekukoak, arduradunak eta abar fisikoki desagertzea.

Sumarioa berriz irekitzeari dagokionez, sumario bakar bat osatzea proposatzen da, eta bere garaian onartu baina gero egin ez ziren proba guztiak egitea, besteak beste, Barne Ministerioak berriz bidaltzea gertakarien inguruko txostena, Ordena Publikoko Batzordearen bileren aktak eta eranskinak, etab. Era berean, garai batean ukatu ziren probak egitea proposatzen da, eta esku hartu zuten goi-kargu eta indar guztiak identifikatzea eta haien aitorpena hartzea. Behin ikerketa horiek egin eta gero, arduradunen aurka behar diren jarduketak gauzatzeko unea iritsiko litzateke.

 

Dokumentazio guztiaren kopia desklasifikatu eta eman

Azkenik, interesgarritzat jotzen da Udalak mozio bat onartzea organismo eta agintaritza eskudunei eskatzeko 1978ko sanferminetan jazotako gertaerekin lotutako agiri guztiak desklasifikatu ditzaten, edo, nolanahi ere, agiri horien guztien kopia eman dezaten eskatzeko.

Txostenak proposatzen du kereila bat jartzea, zeinaren bidez zehatz-mehatz arrazoitu zitekeen hala kereila jartzeko unearen egokitasuna nola zer arrazoi direla medio jartzen den. Udalak berak jar lezake kereila, izan ere, aintzakotzat hartzen da legitimazioa duela gai honetan, ageriko interesa baitauka bai Iruñeko herritarren ordezkari delako, bai bera izan zelako hiri-altzariek jasan zituzten kalteen eta jaiak bertan behera uztearen kalteduna. Halaber, Udalarekin batera edo beren kasa, kereila jar lezakete hori egiteko interesa adierazi duten zuzeneko kaltetuek: Germán Rodríguezen senitartekoak eta gertaera horietan zauritutakoak.

 

Hildako bat eta balaz zauritutako zenbait pertsona

Gertaerak 1978ko uztailaren 8ko arratsaldean hasi ziren, Ordena Publikoko Indarrak zezenketa amaitzean zezen-plazara sartu zirenean, amnistiaren aldeko pankarta erakutsi ostean. Ordena Publikoko Indarren erasoek eta erasotuen erantzunek zezen-plazatik kanpo ere segitu zuten, eta goizaldera arte luzatu ziren Gazteluko plazaren eta Karlos III. etorbidearen inguruetan, non ibilgailuak erre baitziren eta kaleak moztu, barrikaden ondorioz. Erasoak izan ziren borrez, gomazko pilotez, ke-bonbez eta benetako tiroez. Horren ondorioz, eta komunikabideek adierazitakoarekin bat, balaz zauritutako sei pertsona egon ziren eta hildako bat, Germán Rodríguez.

Txostenak ere gertaerak kokatzen ditu denborazko testuinguruan, eta deskribatzen da 1976tik sektore sozialaren, langileen, herritarren eta profesionalen politizazio edo kontzientziazio gero eta handiagoa zegoela diktadorea desagertu izanak ematen zuen aukerari buruz, oso bestelako etorkizun politiko eta soziala diseinatze aldera. Era berean, txostenak gogora ekartzen du zer baldintzatan egin ziren 1977ko ekaineko hauteskunde orokorrak, horien emaitzak, eta zer nolako jarraipena zuen erregimen frankistak 1978. urtean Nafarroako Foru Diputazioan edo udal-korporazioetan. Aipatzen du, ere bai, urte horretako txupinazoa lehenengo solairutik jaurti zela, bigarren solairua gose-greban zeuden pertsonek okupatzen baitzuten, maiatzean espetxeratutako iruindarrentzako amnistia aldarrikatzeko. Izan ere, maiatzean kartzelaratutako batzuk peñetako kideak ziren.

 

Informazioa eta dokumentazioa aurkitzeko zailtasunak

Azterlanaren egileek txostena idazteko zailtasuna azpimarratu dute, dokumentazio falta dela eta. Esaterako, foru-diputatuen aho bateko adierazpena jaso da, oso kritikoa poliziaren jokaeraz, baina inolako ikerketarik ekarri ez zuena. Udalean, ordea, ikerketa-batzorde bat sortu zen, baina ez dira ezagutzen ikerketa horren ondorioak. Ospitaleko larrialdietako liburuak ezin izan dira kontsultatu, halakorik ez zegoelako, baina topatutako zerrenden arabera 50 eta 55 pertsona bitarte artatu izan ziren. Informazioa bilatu da ere German Rodríguezen heriotzari, eta zezen-plaza barruko zein kanpoaldeko gertaerei buruzko sumarioetan. Sumarioetan dagoen dokumentazioa kontsultatzeko eskaera Nafarroako Auzitegi Nagusiari egin zitzaion, eta oraingoz ez da jakinarazi eskaera horren gaineko behin betiko ebazpena.

Bestalde, eskaerak bidali zitzaizkion Alcalá de Henaresko Administrazioaren Artxibo Orokorrari, zeinak erantzun baitzuen, eskabidea onartu ondoren, 1978. urteari dagokion Nafarroako Gobernu Zibilaren memoria ez zegoela bere funtsen artean. Ez zen erantzunik egon, ezta ere, udal-erakundeek ministerioetara igorri zituzten txostenen gainean; ezta Artxibo Historiko Nazionaleko dokumentazioaren gainean, non Ikerketa Sozialaren gaineko Komisaldegi Orokorraren eta Poliziaren Zuzendaritza Orokorraren buletin informatiboak dauden; ezta Barne Ministerioaren erantzunik ere.

Agiririk lagungarrienak izan dira, batetik, peñetako ikerketa-batzordeak egindako Así fue dossierra, hamarnaka lekukotasun biltzen dituena, eta bestetik, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Nafarroako Oroimen Historikoari buruzko Fondo Dokumentalaren barnean dauden elkarrizketak.

 

 

Iturria: Iruñeko Udala, 2018ko maiatzaren 5an 

Izena eman gure buletina jasotzeko