Emakume eta gizonen arteko benetako berdintasunean aurrera egingo duten politika publikoak bultzatzeko bere konpromisoa berretsi du Geroa Baik
Koalizioak nabarmendu duenez, pandemiak zaintza ereduaren krisialdia larriagotu du eta horri sakontasunez eta modu integralean heltzea beharrezkoa da
Martxoak 8 dela eta, Emakumeen Nazioarteko Eguna, emakume eta gizonen arteko benetako berdintasunean aurrera egingo duten politika publikoak bultzatzeko bere konpromisoa berretsi du Geroa Baik.
Koalizioak azpimarratu duenez, “pandemiaren eragin eta ondorioek markatutako martxoak 8 berri baten aurrean gaude, gure zaurgarritasuna agerian utziz, bai maila indibidualean bai eta gizarte moduan ere, eta aldi berean gure zaintza ereduaren krisialdia agerian utzi du ere”. “Duela denbora askotik hona eratzen joan den krisialdia, baina osasun larrialdiaren egoera dela eta larriagotu egin dena, ikusgarritasun handiagoa hartuz”, azaldu du.
“Zaintza lanak emakumeengan datzate oro har eta horregatik, arduren banaketa parekidea heldu beharreko erronka bat da”, adierazi du Geroa Baik. “Aldaketa sakonak egitea beharrezkoa da, Ongizate Estatuaren hobekuntza eta hedapenean oinarritutako proposamen integralekin, zaintzen eskaintza publikoa areagotuz, kalitatezko enplegu duina bermatuko duten politikekin, kontziliazio pertsonala eta familiarra sustatuz eta gizonezkoak erantzukidetasunean sartuz oraindik modu nahikoan ez dauden esparruetan”, azaldu du koalizioak.
Halaber, Geroa Baik nabarmendu duenez, “zaintza lanak emakume migranteek burutzen dituzte gehien, kasu askotan haien familiak atzean utziz biziraun ahal izateko, horregatik desberdintasun sozial eta ekonomikoak premiaz murrizteko beharra”.
Bestalde, koalizioak azpimarratu duenez, “emakumearen aurkako bidegabekeria eta bazterkeria esparru hurbilenean oraindik ere badago, eta bere aurpegirik okerrena indarkerian gauzatzen da”. Zentzu honetan, Geroa Baik indarkeria matxista guztiak gaitzesten ditu eta Sara Pinari aipamen berezia egiten dio urtarrilean Tuteran erahil ondoren, bai eta María Pilar Berriori ere, 2021eko uztailean Murchanten erahila.
Horregatik guztiagatik, Geroa Baik martxoak 8 dela eta antolatutako ekitaldiekin bat egiten du eta deialdia egiten die herritarrei kalera irten daitezen eta mobilizazioetan parte har dezaten, jardunaldi hau gizon eta emakumeen arteko eskubide eta aukera bedintasun errealaren aldeko hitzordu izan dadin.