Itzuli

Energia alorrean herritarrei aholkularitza eskaintzeko zerbitzu bat sortzea proposatu du Geroa Baik

“Leihatila berri honentzako tokiak, giza baliabideak, baliabide materialak eta ekonomikoak ematea” proposatu du Mikel Asiain parlamentariak

Mikel Asiain Mikel Asiain

Herritarrei energiaren merkatuan dauden errealitate ezberdinei buruzko informazioa eskaintzeko leihatila fisiko bat irekitzea proposatu du Geroa Baik, gai hauen inguruan aholkularitza eskaintzeko eta haien kontratuak aldatzea beharrezkoa balitz, horren tramiteak egiten laguntzeko ere.

“Zerbitzu berri honentzako tokiak, giza baliabideak, baliabide materialak, eta bere funtzioen garapenerako dotazio ekonomiko nahikoa ematearen” alde egin du Mikel Asiain koalizioko parlamentariak, bai eta zerbitzu hau martxan jarri ondoren herritarren artean horren berri emateko difusio kanpaina bat burutzea ere.

Asiainek Foru Parlamentuan erregistratu duen ekimenean Nafarroako Gobernua premiatzen da zerbitzu berri hau martxan jar dezan, izan ere, parlamentariak berak ziurtatu duenez, “energiaren salneurriaren goranzko joerak eragin larria du familiengan, hauek kezka handia dutelarik udazkenaren iritsierarekin, egunak motzagoak direlarik eta tenperaturek behera egiten ari dutelarik, horrek argi artifizialeko ordu gehiagoren beharra eta berokuntza sistema martxan jartzeko beharra baitakar”.

“Herritarrek urtaro berriari aurre egin diotenetik, ziurgabetasuna izan daiteke egoera hau hoberen definitzen duen hitza, salneurriek egunero gora egiten baitute, horniduraren inguruan dagoen urduritasunagatik edo argindar edo berokuntzaren fakturak ordaintzeko gai izango ote direnaren inguruan dituzten zalantzengatik”, azpimarratu du Geroa Baiko parlamentariak.

Asiainek azaldu duenez, “uneotan kontratazio aukera ezberdinak daude, nagusiki azken baliabideko tarifa edo tarifa erregulatua deritzona eta merkatu librekoa, baina zoritxarrez, familia guztiek ez dituzte baliabide, aukera ez eta ezagutza berberak haien kontratuak analizatzen saiatzeko eta beharko balute, beharrezkoa liratekeen aldaketak egiteko.

“Herritarren artean dauden zalantzen aurrean, konpainia edo tarifa aldatzea edo hori egitekotan zenbat aurreztu daitekeen alegia, Nafarroako Gobernuak zerbitzu berri bat sortzea planteatzen dugu, leihatila fisiko bat, gai hauen inguruan herritarrei aholkularitza eskaintzeko”, amaitu du azpimarratuz Geroa Baiko parlamentariak.

Izena eman gure buletina jasotzeko