Energia krisialdiari aurre egiteko eraginkortasun energetikoa, autokontsumoaren sustapena eta energia berriztagarrien hazkundearen alde egin du Geroa Baik
Mikel Asiain parlamentariak ekimen bat proposatu du, energia trantsizioa bizkortzeko helburuarekin araudi ugari aldatzera premiatuz Estatuko Gobernua
Energia eraginkortasuna, autokontsumoaren sustapena eta energia berriztagarriko iturrien hazkundearen alde egin du Geroa Baik energia krisialdiari aurre egiteko. Mikel Asiain parlamentariak ekimen bat erregistratu du Foru Ganberan, energia trantsizioa bizkortzeko helburuarekin araudi ugari aldatzera premiatuz Estatuko Gobernua.
Geroa Baiko parlamentariak ziurtatu duenez, “energia krisialdia gizarteko sektore guztiengan eragina duen arazo larri bihurtu da, horregatik neurri drastiko eta premiazkoak behar dira horren ondorioak arintzeko”.
“Krisialdia aukeran bihurtzeko gai izan behar dugu, energia eraginkortasuna, autokontsumoaren sustapena eta energia berriztagarrien iturrietatik datozen energien hazkundea bezalako gaietan martxan dauden prozesuak bizkortzeko. Inmobilismoaren aurrean, paralizatzearen aurrean, luzamenduen aurrean, ahalik eta bizkortasun handiena eskatzen dugu fronte hauetan guztietan”, azpimarratu du Asiainek.
Koalizioko parlamentariak nabarmendu duenez, “Nafarroako Gobernuak urteak daramatza beharrezkoa den energia trantsizioaren bidean ekintza ezberdinak garatuz”, eta gogorarazi du “urte honetan bertan zehar, energia krisialdiaren eragina gutxitzeko neurri ezberdinak” martxan jarri direla, hots “toki erakundeei eta irabazi asmorik gabeko erakundeei laguntzak, enpresa turistikoetan ekonomia zirkularreko proiektuei dirulaguntzak, mugikortasun elektrikoarentzako pizgarriak, edo Hidrogeno Berdearen Nafarroako Agentzia martxan jartzea, beste neurri batzuen artean”.
“Ekintza hauek beste neurri batzuk behar dituzte osagarri moduan, Estatu mailatik edo Europatik, baina horietan hartutako erabakiek ez dirudi esperotako emaitzarik eman dutenik”, azpimarratu du Asiainek. Horregatik, Foru Parlamentuan aurkeztu eta datorren ostegunean eztabaidatuko den ekimenean, parlamentariak Estatuko Gobernua premiatzea proposatzen du, energia trantsizioa bizkortzeko eta krisialdiari aurre egitea ahalbidetzeko araudi ugari aldatu ditzan.
Zehazki, Estatuko Gobernua premiatzea proposatzen du koalizioak “2018/2001 UE Direktiba eta 2019/994 UE Direktiba haien osotasunean eta lehenbailehen transponitu ditzan, autokontsumoaren sustapenari dagozkion bi direktiba baitira”.
Halaber, mozioak Estatuko Gobernua premiatzen du 244/2019 Errege Dekretua aldatu dezan, “kontsumitzaile eta ekoizlearen arteko distantzia muga handitzeko helburuarekin, autokontsumorako ekoizpen ahalmena maximizatzeko”, bai eta 1699/2011 Errege Dekretua ere, potentzia txikiko energia elektrikoko ekoizpen instalazio sareetara konektatzea arautzen duena alegia.
Gainera, “Foru Gobernuko Garapen Ekonomikoko kontseilariak Europar Batasuneko Energia Zuzendaritza Nagusiari helarazi dion eskaeraren ildo berean, Estatuko Gobernuak Europako Batzordeari enkante sistema aldatzea eskatu diezaion” proposatzen du Geroa Baiko parlamentariak, “energia berriztagarrien industriaren alorrean tokiko edukia sendotzeko helburuarekin, beste merkatu batzuetan badauden babes muga-zergen antzekoak ezarriz”.
Azkenik, Asiainek gure Komunitateko toki erakundeekin batera lan egitera premiatu du Foru Gobernua, deskarbonizazio bidean lagunduko duten elementu teknologikoen instalazioa bultzatzeko helburuarekin.