Itzuli

Enplegu duin gehiago eta Nafarroan industria sendoa aldarrikatu ditu Geroa Baik maiatzaren 1ean

Lan istripuen biktimekin oroitzapen berezia egiten du koalizioak eta laneko prebentzioa eta segurtasuna sendotzeko deia egin du

    Lanaren Eguna den Maiatzaren 1 honetan, “kalitatezko enplegua, egonkorra, segurua eta eskubideduna lortzeko aurrerapausoak ematearen beharra” azpimarratu du Geroa Baik. Koalizioak defendatu duenez, “enplegua sortzea ez da nahikoa: nahitaezkoa da enplegu horrek baldintza duinak bermatzea, bai eta babes soziala eta garapen pertsonal zein profesionalerako benetako aukerak ere”.

    Geroa Baik gainera, maiatzaren 1 hau oroitzapenerako eta konpromisorako jardunaldi moduan aldarrikatzen du. Koalizioak gogoan eduki nahi ditu “lan istripuetan bizitza galdu duten pertsona guztiak, bai eta lanaren jardunean haien osasunean kalteak jasan dituzten guztiak ere”. “Heriotza hauetako bakoitza onartezina da, horregatik ekoizpen esparru guztiei dagokien prebentzioan, lan segurtasunean eta zaintzaren kulturan egin beharreko esfortzu guztiak areagotzearen premia berresten dugu”, ziurtatu du.

    Aldi berean, Geroa Baik nabarmendu du “Nafarroak, alor industrialean, oso garrantzitsua den unea” bizi duela. “Enplegu industrialean errekorreko zifrak ditugu, horrek berrikuntzan, gainbalioan eta egonkortasunean oinarritzen den ekoizpen eredu baten sendotasuna islatzen duelarik”, defendatu du. “Hazkunde hau ez da ustekabekoa”, dio koalizioak, “industriaren aldeko apustu etengabe bati erantzuten dio, gure industriaren zutabe estrategiko moduan egindako apustua”.

    “Hala ere, lorpen hau finkatu eta etorkizunera proiektatu beharra dago”, adierazi du Geroa Baik. Horretarako, funtsezkoa deritzo “industria sarea sendotuko duten politika publikoak bultzatzen jarraitzea, trantsizio energetiko eta digitala mesedetuz eta sektorean kalitatezko enpleguak ziurtatuz”. “Testuinguru honetan, industria legeak garrantzia handia hartzen du gure ekoizpen ereduari egonkortasuna, planifikazioa eta epe luzeko ikuspegia emateko tresna moduan”, ziurtatu du.

    Horregatik guztiagatik, Geroa Baik “industria sendoa, jasangarria eta aukerak sortzen dituena” defendatzen du, “ongizate kolektiboa eta lurralde oreka lortzen lagunduko duena”. Maiatzaren 1 honetan bere konpromisoa berresten du “langileekin, lan segurtasunarekin eta inor atzean uzten ez duen garapen ekonomikoarekin”.

    Izena eman gure buletina jasotzeko