Enpresek euren zergen %0,7 erakunde sozialetara bideratzera animatu ditu Geroa Baik
Mikel Asiain parlamentariak gogorarazi duenez, abenduan onartutako zerga neurrien legean bultzatu zuen koalizioak aukera hau
Enpresek euren zergen %0,7 interes soziala duten beste helburuetara bideratzera animatu ditu Geroa Baik, 2021eko abenduan onartutako zerga aldaketa eta zerga neurrien Legean koalizioak bultzatu zuen aukera berri bat baita honakoa.
Mikel Asiainek gogorarazi duenez, “koalizioaren ekimenez, eta CERMINen proposamen bat jasoz, aukera hau eduki ahal izateko zerga neurrien legeari zuzenketa bat aurkeztea adostu genuen gobernukideok”.
Asiainen arabera, “berri ona da, zalantzarik gabe, errentari ezartzen zaion %0,7 enpresa mundutik datozen diru-sarrerei ere ezarri ahal izatea, eta hortaz, euren zergen %0,7 elkartasun jardueretara bideratu ahal duten enpresek hala egin dezaten horrela beharrizan egoerak laguntzeko, hala nola desgaitasuna duten pertsonak, mendekotasuna dutenak, garapenerako lankidetza proiektuak edo ingurumen naturalaren defentsarako proiektuak, besteak beste”.
“Gizarte osoaren eginkizuna da garapen soziala laguntzea, eta neurri honek aukera horretan sakontzen du, gure lurraren kohesio eta jasangarritasunaren sustapenarekiko sentsibilitatea duten Nafarroako enpresa guztientzako”, amaitu du adieraziz Geroa Baiko parlamentariak.