Itzuli

Erizaintzako profesionalen eskumenak eta erantzukizunak sendotuko dituen lehen arreta baten aldeko apustua egin du geroa baik

Nafarroako Gobernuko Lehendakaritzarako Geroa Bairen hautagaiak, Fernando Domínguez kontseilari ohiak eta Ana Ansa koalizioaren Osasun bozeramaileak Nafarroako Erizaintza Sindikatuko (SATSE) ordezkaritza batekin bilera egin dute

    Uxue Barkos Uxue Barkos

    “Lehen Arretaren egungo eredua aldatzearen aldeko” apustua egin du Geroa Baik, “horretarako Erizaintzako profesionalen eskumenak eta erantzukizunak sendotuz”. Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko Lehendakaritzarako Geroa Bairen hautagaiak bilera egin du Nafarroako Erizaintza Sindikatuarekin (SATSE), harekin batera Fernando Domínguez kontseilari ohia eta Ana Ansa koalizioaren Osasun bozeramailea ere egon direlarik.

    Bilera horretan, Geroa Bairen lehendakarigaiak sindikatuari helarazi dionez “beharrezkoa da profesional ezberdinen eskumenak eta erantzukizunak birdefinitzea, herritarren beharren arabera kupoak berrantolatuz, eta zentroei giza baliabide eta baliabide tekniko nahikoak emateko finantzaketa egokia eskainiz”.

    Halaber, Eskoletako Erizaintza garatzearen alde egin du Barkosek, bai eta patologia jakinetan Kasuak Koordinatzeko Erizainaren presentzia hedatzearen alde ere, hala nola onkologian, bularra, ginekologia, pediatria edo etxez etxeko arretan.

    “Gaixoa erdian jartzen duen osasun sistema jasangarria lortzeko bideratu behar dira esfortzuak, arretaren kalitate integrala eta osasunaren emaitzak bermatzeko, beti ere parekidetasun, partaidetza eta eraginkortasun printzipioek diotenarekin bat eginez”, defendatu du.

    Zentzu honetan, “Lehen Arreta osasun sistemaren ardatz moduan lehenesteko Geroa Bairen apustu tinkoa” azpimarratu du Barkosek, “horretarako, lan taldeei konponbideak emateko gaitasun handiagoa emango dien finantzaketa eredu bat beharrezkoa izango delarik”.

    “Neurri kementsu eta ausartak beharrezkoak dira. Sistema publikoa sendotzeak sakontasun handiko antolakuntza neurriak behar ditu Lehen Arretan, bai eta hari sendotasuna ematen dioten ezaugarriak bistatik ez galtzea ere, hala nola lan talde moduan jardutea”, ziurtatu du Barkosek.

    Horregatik guztiagatik, Geroa Bairen lehendakarigaiaren aburuz “nahitaezkoa da pasa den legegintzaldian diseinatu zen Lehen Arretarako Estrategia martxan jartzea, bai eta Itxarote Zerrendei aurre egiteko Plan Integral bat ere”.

    Izena eman gure buletina jasotzeko