Itzuli

Erkidegoen finantzaketaren eszenatoki berriaren aurrean hitzarmen ekonomikoaren legea berrikustea eskatu du Barkosek

Geroa Baiko senatariak ohartarazi du zorraren kitatzeak Nafarroa kaltetu dezakeela eta Hitzarmenaren Legeak “bere proposamenetako batzuk jada agortuta dituela” ziurtatu du

    Uxue Barkos Uxue Barkos

    Uxue Barkos Geroa Baiko senatariak Nafarroako Hitzarmen Ekonomikoaren legea berrikusteko beharra defendatu du astearte honetan Senatuan, erkidegoen finantzaketa sisteman gertatzen ari diren aldaketen aurrean eta, bereziki, Autonomia Erkidegoen zorraren kitatzea dela eta.

    Arcadi España Ogasun ministroaren agerraldian, Barkosek azpimarratu duenez, erkidegoen finantzaketa sistema berriak eta zorraren barkamenak, “finkatzekotan, finantzaketa publikoaren panoraman eszenatoki zeharo berria uzten dute, lau foru ogasunengan eragin bereziarekin, eta horien artean Nafarroako Ogasuna dugularik”.

    Testuinguru honetan, Geroa Baiko senatariak ohartarazi du Nafarroako Ogasuna, egun indarrean dagoen 1990eko Hitzarmenaren Legearekin, “zeharo kaltetu daiteke zorraren banaketa berriarekin, urteroko aportazioaren bitartez Estatuaren zorraren %1,6aren ordaina bere gain hartuko baitu”.

    Horregatik, Barkosek defendatu duenez, “egoera honek bi aldeen arteko akordioa behar du egoera hau modu puntualean konpontzeko”, horregatik ministroari galdegin dio ea akordio hori lortzeko bere aurretik zegoen ministroak adierazitako borondatea mantentzen ote duen.

    Halaber, eztabaida honek Hitzarmen Ekonomikoa bera eguneratzeko beharra agerian uzten duela adierazi du Barkosek. “Bi administraritzen artean 90ean adostutako legeak bere proposamenetako batzuk agorturik ditu jada”, ziurtatu du.

    Zentzu honetan azpimarratu duenez, “Nafarroak Estatuari egiten dion aportazioan zorraren atal hau, gaizki zaharkitu den ildoetako bat da”, eta gaineratu du berrikusi daitezkeen beste gaiak ere badaudela, hala nola Foru Komunitateak BEZ bezalako zorrak kudeatzea baina horiek arautzeko gaitasunik gabe, edo Nafarroa ECOFINen ahotsarekin eta botoarekin egoteko aukera. “Bilakaera demokratikoak berak garamatzaten aferak dira”, eta horietan, Barkosek defendatu du gustatuko litzaiokeela “Ogasun Ministerio proaktiboa ikustea”.

    ESTATUKO AURREKONTU OROKORRAK

    Aurrekontuei dagokienez, Barkosek Exekutiboari aurpegiratu dio plan, funts eta inbertsio berriak iragartzen jarraitzea, baina bitartean Estatuko Aurrekontu Orokorrik gabe jarraitzea ere. Gobernuko presidenteak urteko lehen sei hilabeteetan zehar iragarritako ekimen ekonomiko nagusienetako bat aipatu ondoren, senatariak horrela galdegin du: “Urte honetan zehar iragarri diguzuen guztia, laguntza-sortak, zenbait kasutan mila milioikoak… aurrekonturik gabe? Zentzuduna da?”.

    Era berean Barkosek azpimarratu du Aurrekontuen onarpenak parlamentuko akordioak behar dituela, baina gogorarazi du ere “lehen ardura Gobernuan dagoela”, eta ohartarazi du kontu berririk gabeko legegintzaldi bat “anomalia bat dela gainera, zuen kudeaketaren sekulako porrota”. 

     

    DATU MAKROEKONOMIKOAK

    Ekonomiaren bilakaerari buruz, Barkosek aitortu du “makro datuak eztabaidaezinak” direla eta azpimarratu duenez, hazkunde ekonomikoa Gobernuak ohiko moduan erakusten duen “estandarteetako bat da”. Hala ere, hazkunde hori, etenik gabekoa izan arren, “ahulezia nabarmenak” dituela ohartarazi du eta eskuhartze politiko handiagoa behar duela “makro esparruak mikro esparruan eragiteko”.

    Honi dagokionez, Geroa Baiko senatariak ziurtatu duenez, hazkunde ekonomikoa “funtsean kontsumo pribatuan oinarritzen da, geroz eta zailtasun handiagoekin hilabete amaierara iristen diren familien kontsumoan”. “Ekonomiak ongi egiten du gora, baina ez gizartearen eta ongizatearen beharrizanen alde”, salatu du.

    Barkosen iritziz, desoreka horren frogarik hoberena zera da, “Gobernuko presidenteak 2026 urte osoan zehar egindako laguntza sozialen sorta amaitezina”, neurri horiek, Exekutiboak berak defendatu duen moduan, familia askok aurre egiten jarraitu beharreko zailtasunak arintzea bilatzen dutelarik.

     

    SEPI

    Azkenik, Partaidetza Industrialen Estatuko Sozietatearen (SEPI bere gaztelaniazko sigletan) egoera aipatu nahi izan du Barkosek, gogoraraziz “atzo jakin genuela Pedraz epaileak SEPIko zuzendaria inputatu zuela”. Honi dagokionez, Ogasun ministroari eskatu dio, “sozietate horren azken erantzule” den heinean, azal dezala “nola aurreikusten duen egoera honek sozietatearen beraren eginkizunengan edukiko duen eragina” eta, “edozein kasutan, egoera hauei dagokienez zein neurri hartuko diren”.

    Izena eman gure buletina jasotzeko