Erkidegoen zorraren kitapenak Nafarroa ez kaltetzeko konpromisoa hartu du Monterok, Barkosen eskakizunari erantzunez
“Nafarroak ordaintzen duen Estatuko administrazioaren zorraren interesen %1,6aren kapitulua negoziatzeko eta berrikusteko beharra” azpimarratu du Geroa Baiko senatariak
Erregimen amankomuneko autonomia erkidegoen zorraren kitapenak Nafarroa ez kaltetzeko konpromisoa hartu du gaur María Jesús Montero Gobernuko lehen presidenteorde eta Ogasun ministroak, Uxue Barkos Geroa Baiko senatariak hala eskatu ondoren.
Erkidegoen zorraren kitapena jorratzeko Montero ministroak gaur Senatuan parte hartu duen Ogasun batzarraren saioaren baitan, Barkosek gogorarazi du Nafarroak “Hitzarmen Ekonomikoa bezalako sistema arduratsu” baten bitartez, %1,6 ordaintzen duela Estatuko zor orokorrari egiten dion aportazioaren bitartez, horregatik bermeak eskatu dizkio ministroari, Estatuak zor hori bere gain hartzen duenean Foru Komunitatea kaltetu ez dezan.
“Erregimen amankomuneko autonomia erkidegoen zorraren kitapena egiteko akordio honek, egitekotan, Nafarroako Foru Ogasunaren kiebra ekar dezakeela” ohartarazi du Barkosek, era berean gaineratuz badakiela “gai hau Gobernu zentralaren eta Nafarroako Gobernuaren artean negoziatzen ari dela, baina garrantzitsua izango litzateke ere zure aldetik, ministro anderea, gaur hemen, parlamentuaren egoitzan, adierazpen argi eta garbia egitea”.
Geroa Baiko senatariaren hitzen aurrean, Ogasun ministroak zentzu horretan bertan bere konpromisoa agertu du, horregatik Barkosek bere esker ona agertu dio “konpromiso hau modu publikoan adierazteagatik, zalantzan jartzeko beharrik egon behar ez lukeen arren, baina Geroa Bairen iritziz, hobe da argi eta garbi parlamentuan entzutea eta akordio honek foru ogasunak ez dituela zigortuko adieraztea, eta hortaz, ez dituela nafarrak zigortuko”.
Era berean, Barkosek ziurtatu duenez “Geroa Baik duela urte askotatik hona ohartarazi du Estatuko administrazioaren zorraren interesen %1,6 ordaintzeko kapitulua Hitzarmenaren Legearen baitan berrikusi beharreko gaia dela”, horregatik zentzu honetan negoziaketa bati ekiteko apustua egin du, “presarik gabe, baina etenik gabe”.
Azkenik, Barkosi erantzunez, foru eskumenetara bideraturik dauden Estatuko funtsetan Nafarroak zuzenean parte hartzeko mekanismoak iragarri ditu ere Monterok.
Uxue Barkos