Erorien monumentuaren inguruko akordioari babesa agertzeko adierazpen bateratua aukertu dute Geroa bai, EH Bildu eta PSN-PSOE-k
Adituen Komite baten sorrera eskatu dute taldeek, bai eta Udal Katalogoaren aldaketa, herritarren partaidetza edukiko duen proiektu lehiaketa eta prozesu partehartzailea
Iruñeko Udaleko Geroa Bai, EH Bildu eta PSN-PSOE udal taldeek adierazpen bat aurkeztu dute datorren osteguneko Osoko Bilkuran eztabaidatzeko, horren bidez “Erorien Monumentua deiturikoaren Eraldatzeko eta Maravillas Lamberto Interpretazio Zentroaren sorrerareko Akordio Politikoari” babesa agertzeko.
Testuaren baitan Adituen Komite bat sortzea eskatzen da, horrek zehaztuko dituelarik Interpretazio Zentro berriaren edukiak, eta horiek Nafarroako Gobernuak sustatzen ari duen Oroimenaren Institutuaren helburuekin koordinatuko direla ziurtatuz. Gainera, Udal Katalogoaren aldaketa eskatuko dute taldeek, Erorien Monumentuari dagokion fitxa Oroimen Demokratikoaren alorreko araudiari egokitzeko.
Bestalde, proiektuaren kalitatea bermatzeko, “herritarren partaidetza edukiko duen proiektu lehiaketa bat egitea” proposatuko da, “akordioaren zehaztapenekin hoberen egokituko den proposamena aukeratzeko helburuarekin”, azaldu dute.
Halaber, dokumentuaren 10 puntuaren arabera, “proposamena sinatzen duten talde politikoek proiektu lehiaketa hau lehenbailehen bultzatuko dute, akordioaren zehaztapenak islatuko dituzten oinarri zehatzak ezarriz eta diziplina anitzeko epaimahai bat izendatuz”. Era berean, “prozesu partehartzaile, informatibo eta pedagogiko bat burutuko da, Iruñeko herritarrei galdeketa egitea ezarriz”.
“Eraikina eraldatzeko lanen exekuzioa eta Maravillas Lamberto Zentroaren kudeaketa Iruñeko Udalaren ardura izango da. Hala ere, Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren arteko lankidetza sustatuko da, hain esanguratsua den proiektu hau oroimenaren politika publikoen baitan bultzatzeko”, amaitu dute adieraziz.
Mikel Armendariz