Itzuli

Erreforma judizialerako PP/PSOE akordioak bipartidismoa epaileen gobernu organoan ezartzen duela salatu du Barkosek

Bi alderdiek adostu duten Botere Judizialaren Legearen erreforman abstentziora jo du Uxue Barkos Geroa Baiko senatariak

    Uxue Barkos Uxue Barkos

    Uxue Barkos Geroa Baiko senatariak gaur goizean Senatuan salatu duenez, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia berritzeko popularrek eta sozialistek lortutako akordioak bipartidismoa ezartzen du esparru judizialean, gizartearen zati handi bat kanpoan utziz, “bipartidismoaren mugetatik kanpo dagoen gizartea” alegia, -azpimarratu du Barkosek-, “eta hamarkadetan zehar egonkortasun politikoa ematen lagundu duena, bi alderdi horiek oposizioan egon direnean ematen jakin ez duten egonkortasuna”.

    Arrazoi hauekin azaldu du Geroa Baiko senatariak Botere Judizialaren Lege Organikoaren Erreforma Proposamenari eman dion abstentzioa, proposamena PP eta PSOEren boto bakarrekin onartu den arren.

    Barkosek PPren jarrera salatu du bereziki, Botere Judizialaren erreforma Senatura ekartzeko modua, hain gogor kritikatu zuen Amnistia Legearen erreformarena izan baita: “Lege Proposamen bat? Alderdi Popularreko jaun andreak, ba al dakizue hemen esan dena lege organiko proposamenei buruz? Edo, gutxienez, proposamen zehatz bati buruz. Edo amnistiaren apokalipsia ez zen horrenbestekoa…”, ironiaz mintzatu da Barkos.

    Halaber, Alderdi Sozialistaren jarrera kritikatu du ere Barkosek, galdeginez ea “erreforma honek birsorkuntza demokratikorako iragarri duten planaren doinua markatzen ote duen”.

    Ildo berean, Geroa Baiko senatariak kritikatu duenez, “Kontseilu berria onartu zenetik aste bakar bat ere ez da behar izan lehen estropozua ikusteko: atzo bertan kide berriak Kontseilu berriaren presidentea izendatzeko ez ziren gai izan eta gaur goizean, oraingoz gutxienez, ez dira gai izan ere”.

    Horregatik, Barkosek salatu du “erreforma honekin ez PPk ez eta PSOEk ere ez dutela eztabaidaren muinera sartu nahi izan, presidentetza aukeratzeko benetako eskumena Kontseiluari eman diote, baina bipartidismoaren hiru bostenen arau berberekin oin eta esku loturik jarraitzen dute. “Egia esateko, bidaia honetarako ez zen beharrezkoa alportxak bost urtez betetzen aritzea”, ziurtatu du.

    Bost urtetako blokeo honek, Barkosek gogorarazi duenez, ondorio latzak izan ditu Auzitegi Gorenetan eta Probintzia Auzitegietan, orain desblokeatu beharra dagoen 70 bakante baino gehiagoren blokeoarekin. 

    Izena eman gure buletina jasotzeko