Errege Etxearen negozioak ikertzeko batzorde bat sortzeko eskakizuna berretsi du Koldo Martinezek Senatuan
Senatari autonomikoaren arabera, “botere legegileak gertakari hauek ikertzeko betebeharra du, bertatik eratorri daitezkeen erantzukizun politikoak garbitzeko”
Koldo Martínez Nafarroako Parlamentuak hautatutako senatariak, Errege Etxeko kideek ustez buruturiko legezkotasunik gabeko jarduerei eta Saudi Arabiarekiko eragin politiko, diplomatiko eta komertzialei loturiko trama ikertzeko parlamentuko batzorde bat sortzearen beharra berretsi du gaur Senatuko osoko bilkuran. “Botere legegileak gertakari hauek ikertzeko betebeharra duenaren uste osoa dugu, bertatik eratorri daitezkeen erantzukizun politikoak ikertzeko, bai eta Errege Familiaren eta hari loturiko pertsonen jarduera fiskalizatzeko beharrezkotzat jotzen diren neurriak hartzeko ere, modu horretan horiek duten pribilegiozko posizioa aprobetxatuz legez kanpoko edo legez kontrako jarduerak egiteko aukera ekidinez”, ziurtatu du Geroa Baiko senatariak.
Gure iritziz, errege emerituaren gaineko ikerketatik herrialde honen berreraikuntza politiko, sozial eta ekonomikorako ondorioak eta dirua ere atera ditzakegu
Koldo Martínezek gogorarazi duenez, PP ez da neurri honen aurka bozkatu duen bakarra izan, PSOEk ere berdin jokatu baitzuen errege emerituaren negozioen gaineko ikerketa batzorde bat sortzeko Izquierda Confederal bere taldearen ekimenaren aurka bozkatuz. “Gure iritziz, errege emerituaren gaineko ikerketatik herrialde honen berreraikuntza politiko, sozial eta ekonomikorako ondorioak eta dirua ere atera ditzakegu”.
Ikerketa batzordea eratzeari Senatuko mahaiak emandako ezezkoa berriz aztertzeko eskakizuna egin duten 25 senatarien artean dago Koldo Martínez, Izquierda Confederal bere taldeko kideekin, bai eta Junts per Catalunya eta ERC-EH Bildu taldeetako kideekin batera.
Koldo Martínez