Errenta ertain eta txikien PFEZ tarteen berrikusketa, autonomoei babesa, industriaren sendotzea eta landa garapenari zein lurralde orekari bultzada dira Geroa Bairen proposamen fiskalaren 4 ardatzak
Pablo Azcona Geroa Baiko bozeramaileak Nafarroako Parlamentuko Mahai eta Eledunen Batzarraren ondoren egindako adierazpenetan, koalizioak hurrengo kontrol saioan Gobernuari zuzenduko dizkion galderak xehetu ditu. Horrela, Azconak azpimarratu duenez, berriki Espainiako Parlamentuan Montero ministroak Uxue Barkos senatariari erantzunez ziurtatu zuen erregimen orokorreko erkidegoen zorraren kitapenak ez zuela Nafarroarengan eraginik edukiko. Azconak, konpromiso honetatik haratago gogorarazi du Geroa Baik denbora luzea daramala, gure foru erregimenaren baitan, eta gure egoera ekonomiko eta finantzarioa baikorra dela jakinik gainera, zorra malgutzeko neurriak Estatuarekin negoziatzea planteatzen, modu horretan aurrekontu-berme handiagoa egonik erronka ekonomiko eta sozialen aurrean hain zuzen ere.
Halaber, Geroa Baiko bozeramaileak iragarri duenez, merkataritza eta muga-zerga gerrari buruzko galdera bat erregistratu du koalizioak. Gogorarazi duenez, Nafarroatik, Industria departamentuak muga-zergen mahai bat sortu du, horregatik, Irujo kontseilariak bertan burutzen ari diren lanen aurrerapen bat eskaintzea nahi du Geroa Baik. Gainera, Osasunbidearen eta Nafarroako Osasun Publiko eta Lan Osasunaren Institutuaren forma juridiko berri gisa enpresa-erakunde publiko baten sorrera baztertzeko Osasun departamentuaren erabakiari buruz galdetuko du. Bestalde, Geroa Baik Aierdi kontseilari interpelazioa egingo dio, bere departamentuaren aldetik ardoaren sektoreari zuzendutako politikak azal ditzan.
Beste gai batzuen artean, Pablo Azconak Mahai Fiskalaren lanari erreparatu dio. Azpimarratu duenez, tresna fiskal honek garrantzia handia hartu du ziurgabetasun ekonomikoa dugun une honetan, aberastasuna birbanatzeko eta kolektibo eta sektore kaltetuak laguntzeko neurri egokia delako, bai eta zerbitzu publikoak eta ongizate estatua mantentzeko ere. Horrela, azaldu duenez, Geroa Bairen proposamen fiskala 4 ardatz argitan oinarritzen da: errenta ertain eta txikien PFEZ tarteen berrikusketa; autonomoei babes; testuinguru global ziurgabe baten aurrean industriaren sendotzea eta landa garapenari zein lurralde orekari bultzada.
Horrela, aurreratu duenez, errenta ertain eta txikientzako PFEZ tarteen berrikusketa proposatzen du Geroa Baik, haien erosahalmena bermatzeko eta barne kontsumoa mantentzeko, salbuetsitako gutxienekoa igotzeko berrikusketa, deflatazio mailakatuak aztertu, 2020/285 Europako Zuzentarauaren ezarpena, 85.000 baino gutxiagoko dirusarrerak dituzten 34.000 autonomori haien fakturetan BEZ aitortzeko betebeharra kenduz, inbertsioari lotutako zerga pizgarriak, deskarbonizazioa eta kalitatezko enplegua eta landa ekonomia aktibatzeko eta landa esparruan belaunaldi txandaketa errazteko neurriak, eta aukera berdintasuna bermatzea jaiolekua edozein izanik ere.
Pablo Azcona