Errenta ertain eta txikietan, eta ziurgabetasun ekonomikoak eta metatutako inflazioak kaltetutako sektoreetan arreta jarriko duten neurriak ezartzea defendatu du Geroa Baik
Pablo Azcona Nafarroako Parlamentuan Geroa Bairen eledunak Ganberako Mahai eta Eledunen Batzarraren ondoren egindako adierazpenetan, ostegun honetan tramitatuko den Dekretua aipatu nahi izan du, horren bitartez Irango gerraren ondorioei erantzuteko zerga neurriak ezarriko direlarik.
Azconak azaldu duenez, gatazka honen eraginak luzatzen ari dira eta Geroa Bairen iritziz beharrezkoa da Nafarroan sektore garrantzitsuentzako neurri espezifikoak ezartzea, hala nola lehen sektorearentzako eta industriarentzako. “Paraleloan, arratsalde honetan mahai fiskalak bilera egingo du eta bertan gai honi heltzeko aukera izango dugu”, azpimarratu du Geroa Bairen eledunak.
“Ziurgabetasun ekonomikoko egoera baten aurrean, metatutako inflazioarekin eta Nafarroako herritarrengan eragina izaten ari duten tentsio globalekin, Geroa Baitik foro honen bilera egitea eskatu genuen jada, aurretiaz jokatzeko eta planifikatu ahal izateko, errenta ertain eta txikiak zerga politikaren erdian jarriz”, nabarmendu du.
“Inflazioa pairatzen duten errentak dira hauek, baina Nafarroako herritarren arazo nagusiaren menpe daudenak ere, etxebizitzaren arazoa alegia”, ziurtatu du. Horregatik, gogorarazi duenez, Geroa Baitik PFEZan kenkari bat proposatu dute, lehen etxebizitza erosten duten 35 urtetik beherakoentzat.
Bestalde, Geroa Baiko bozeramaileak osasungintzaren egoera aipatu nahi izan du ere. Azconak azpimarratu duenez, “osasungintza egun dugun gairik garrantzitsuena da eta denboraldi honetan zehar esan dugun moduan, erreformak beharrezkoak dira”. “Hori egitera etorri ginen: gauzak egitera, eta hori da Departamentuak eta Domínguez kontseilariak egiten ari dutena”, defendatu du.
Pablo Azconak azpimarratu duenez, “norberak ikusiko du zein den bere erantzukizuna, gurea neurriak hartzea, eta Departamentua horretan ari da, neurriak mahai gainean jarri ditu, ezer ez egitea ez baita aukera bat”. Halaber, Osasunaren legeak, Parlamentura aurki iritsiko denak, sisteman aldaketak egiten lagunduko du.
Beste gai batzuen artean, Azconak UPNren Lege proposamena aipatu du, bere premiazko tramitazioa Parlamentuko Mahaiak onartu ondoren. Ekimen horrek urtebeteko luzamendua planteatzen du 2026-2027 ikasturtean eguneratu behar diren hezkuntza itunak berritzeko irizpideen ezarpenean.
Hezkuntza kontseilariak ikasgela publikoei dagokien zatia zuzendu izana baloratu du Geroa Baiko bozeramaileak, eta itundutako sareko unitateen ixtea ekiditeko tartea badagoela aldarrikatu du.
Halaber, nabarmendu duenez, “kontseilariak herritarren beharrei erantzuna ematea eragozten duena Legea bada, agian legea aldatu beharra dago”. Bitartean, eledunak azaldu du Geroa Bai Gobernuaren baitan lanean dagoela ikasgela guztiak ixteko erabakia leheneratzeko, eta kontseilaria premiatu du aldarri sozial eta politikoa entzun dezan, eskaerari erantzun diezaion eta datuak analizatu ditzan, Nafarroako hezkuntza sare osoko ikasgela guztiak irekita mantentzea posible den jakiteko.
Pablo Azcona