Errentaren kanpainan presentzialtasunari dagokionez Ogasunak irizpidea aldatu izana balioetsi du Geroa Baik
Mikel Asiain parlamentariak gogorarazi duenez iaz koalizioak bere desadostasuna agertu zuen kanpaina telematiko eta telefonikoaren diseinuarekin
Errentaren kanpainaren presentzialtasunari dagokionez Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuak bere irizpidea aldatu izana balioetsi du Geroa Baik. Mikel Asiain Torres Geroa Baiko parlamentariak gogorarazi duenez, iaz koalizioak bere desadostasuna argi utzi zuen Departamentuak kanpaina telematikoa eta telefonikoa soilik burutu zuelako.
“Erakundeek beti entzun behar dugu gizartearen iritzia, eta oso modu berezian errentaren kanpaina bezalako gai sentikorretan. Iaz esparru ezberdinetatik iritsitako kexa ugari egon ziren errentaren aitorpena modu presentzialean egiteko aukerarik ez zegoelako, eta egun dugun arrakala digitala eta belaunaldien artekoa ez zen kontuan hartu, horregatik modu positiboan baloratzen dugu irizpide aldaketa hau”, ziurtatu du Asiainek.
Geroa Baiko parlamentariak azpimarratu duenez, “osasuna gordetzeko helburua une oro kontuan izanik, gaur aurkeztu den errentaren kanpainaren diseinuarekin frogaturik geratu da iaz ere posible zela errentaren kanpaina presentzialtasunarekin burutzea, gune zabalak egokituz, aurretiazko hitzorduarekin eta segurtasun neurri zorrotzak betez”.
Mikel Asiain