Itzuli

Esako urtegia handitzeko lanen segurtasunari buruzko azalpenak eskatu ditu Barkosek, eskuin magalean interbentzio berri bat egingo dela jakin ondoren

Foru senatariak informazioa eskatu du, Ebroko Konfederazio Hidrografikoko presidenteak gaur baieztatu ondoren magalean lan berriak egingo direla

    Uxue Barkos Uxue Barkos
     
    Uxue Barkos Geroa Baiko senatariak Trantsizio Ekologikoko Ministerioari zuzenduriko parlamentuko galdera sorta bat aurkeztu du gaur, Esako urtegiaren handitze lanen segurtasunari dagozkion xehetasunak ezagutzeko helburuarekin, gaur Carlos Arrazola Ebroko Konfederazio Hidrografikoko presidenteak baieztatu ondoren eskuin magala finkatzeko interbentzio berri bat egitea aurreikusten dutela, urtegiaren gainezkabideei eragiten dien laugarren proiektu-aldaketarekin bat egingo direlarik lan horiek.
    Zentzu honetan, urteetan zehar azpiegitura honen segurtasunaren inguruan sortzen joan diren “zalantza larriak eta etengabeko ziurgabetasuna” salatu ditu berriro ere Barkosek, horregatik Trantsizio Ekologikoko Ministerioak “Esako urtegia handitzeko proiektuaren berrikusketa bere azken ondorioetaraino” burutzeko beharra dagoela azpimarratu du beste behin ere senatariak. 
    “Lanen segurtasunari buruzko azterlan ezberdinen inguruan egon den okultismoak eta desinformazioak eragindako nahasmendua izan da lan hauen ezaugarri nagusia: argitara eman diren txosten batzuen erabateko lausotasunak eta zehaztasun-ezak, horiek ezagutzera emateko atzerapenak, batzuen eta besteen kontraesan garrantzitsuek, ziurgabetasun handia sortu dute”, salatu du foru senatariak. 
    Halaber, Barkosek ziurtatu duenez, “eszenatoki berri baten aurrean gaude, konponbideak eta protokoloak behar dituen klima larrialdi baten aurrean, eta egoera ez da inondik inora orain dela 20 urtekoa, lanak hasi zirenean alegia”, eta gogorarazi duenez, “Nazio Batuek denbora daramate ohartaraziz klima aldaketak eragiten dituen ez-ohiko eurite eta uholde handiek nabarmen egiten ari dutela gora, eta horregatik orain arte eduki ditugun segurtasun protokoloak berrikustera beharturik gaude”. 
    Horregatik, urtegiaren magalean burutuko diren lanek zertan datzaten jakitea eskatu du Geroa Baiko senatariak, bai eta horien kostua zein izango den ere, aldi berean lan hauen segurtasun protokoloak klima aldaketari egokitu ote diren ere galdetzen diolarik Ministerioari, hala gomendatzen baitute Nazio Batuek. 
    Era berean, Barkosek espero du CHEko presidenteak gai honi buruzko xehetasun guztiak Senatuan lehenbailehen azaltzeko aukera edukitzea, Geroa Baik bere agerraldia eskatu baitzuen Goi Ganberako Trantsizio Ekologikoko Batzordean. 

    Izena eman gure buletina jasotzeko