Itzuli

Esako urtegia handitzeko proiektuaren berrikusketa globala eskatuko dio Barkosek Gobernu zentralari

Lanak geldiaraztea eskatu du, azpiegitura honen segurtasunaren inguruan sortu diren “zalantza serioak” argitzeko azterlan sakon bat egin arte

    Uxue Barkos Uxue Barkos

    Uxue Barkos Geroa Baiko senatariak mozio bat eramango du datorren astelehenean Goi Ganberan egingo den Trantsizio Ekologikorako batzordera, horren bitartez  Gobernu zentrala premiatuz “Esako urtegiaren handitze lanak geldiaraz ditzan eta lanekin jarraitu aurretik proiektuaren berrikusketa global berri bat egin dezan ere”, berriki jakin baita lan horien aurrekontuak 47 milioi euro gehiago beharko dituela eskuin magalaren egonkortasun arazoei aurre egin ahal izateko.

    Zentzu honetan, azken urteetan zehar azpiegitura honen segurtasunaren inguruan sortu diren “zalantza serioak” azpimarratu ditu Geroa Baiko senatariak. “Obra hau 2001 urtean hasi zen eta 2005ean segurtasuna egokitzeko lanak egiten jarraitzen dira”, salatu du Barkosek, aldi berean ziurtatuz “larrialdi klimatikoa dela eta, mota honetako obren segurtasun neurriak zorroztasun handiagoz lantzera beharturik gaude”.

    Ildo honetan berean, larrialdi klimatikoaren aurrean mota honetako azpiegituren segurtasun protokoloak eguneratzeko beharraren inguruan Nazio Batuek egindako ohartarazpena gogorarazi du Barkosek. “Nazio Batuek denbora luzez ohartarazi dute klima aldaketaren ondorioz gertatzen diren eurite handiak eta uholdeak modu nabarmenean biderkatu direla, eta hori dela eta, orain arte erabili ditugun segurtasun protokoloak eguneratzera beharturik gaude”, azpimarratu du Geroa Baiko senatariak.

    “Eszenatoki berri baten aurrean gaude, larrialdi klimatiko baten aurrean, eta horrek konponbide eta protokolo berriak behar ditu, duela 20 urte obra hauek hasi zirenean egoera ez baitzen inondik inora gaurkoa”, ziurtatu du Barkosek, horregatik ezinbestekoa deritzo Gobernu zentralak Esako urtegia handitzeko proiektuaren berrikusketari ekitea eta “azken ondorioetaraino” egin dezala gainera. 

    Izena eman gure buletina jasotzeko