Itzuli

Esako urtegiari buruzko Ingeniarien Elkargoaren txostena ezagutu ondoren, presaren segurtasunaren inguruko ziurgabetasunak egoten jarraitzen dutela dio Koldo Martínezek

    Koldo Martínez Koldo Martínez

    Koldo Martínez (Geroa Bai) Nafarroako senatari autonomikoak bere kezka agertu du, Esako urtegiaren handitze lanei buruz Portu, Ubide eta Bideetako Ingeniarien Elkargoak egindako txostena ezagutu ondoren. Txosten hori 2018 urtean enkargatu zuen Trantsizio Ekologikorako Ministerioak eta presaren segurtasunaren inguruko ziurgabetasunak planteatzen ditu. 

    Koldo Martínezek azaldu duenez, “637 orrialde dituen txostenaren lehen irakurketatik zalantza ugari sortzen dira. Ondorioen 11 orrialdeetan 14 alditan erabiltzen da ‘Ziurgabetasun’ hitza”. Era berean, lur-irristaketa ugari egon diren eskuin magalari dagokionez dio “ ‘presente dauden zalantza kopuru handiak fidagarritasun gutxi ematen diola segurtasun koefiziente bat lortzeko edozein kalkulu edo modelizaziori”, edo ‘egonkortasunarengan eragina duten faktoreen inguruan dagoen ziurgabetasuna dela eta, oso zaila dela frogatzea egungo baldintzak segurtasun faktore onargarri baten gainetik (ez proiektuan ez eta inongo arau ofizialean ezarria) daudela frogatzea”. “Biribiltasun handiagoa espero genuen urtegiaren segurtasunari buruzko zalantzak argitzeko helburua zuen txosten honetatik”, azpimarratu du Geroa Baiko senatariak. 

    Martínezen arabera, “perituek helarazten dituzten zalantza handiez gain, txostenak hala ondorioztatzen du: aurretik esandakoagatik uste dugu, txosten hauen gomendioei eta CHEko aholkulari espezializatuei kasu eginez, magalak egonkortasun nahikoa duela bertan kokatzen diren presak zerbitzuan jartzeko, nahiz eta urtegia betetzeko eta husteko protokolo bat jarraituko beharko den, instrumentazio egoki batekin batera presek eta magalak zein portaera duten modu zehatzean jarraitzea ahalbidetzeko eta prozesuan aldaketak egiteko edo ez egiteko komenigarritasuna edo sendotze eta prebentzio neurrien ezarpenaren beharra dagoen jakiteko”. “Teknikariek ondorioztatu beharko dute orain lau urtez atzeratu den txosten honek urtegiaren eskuin magalaren egonkortasunari buruzko zalantza nagusiak argitzen ote dituen”, adierazi du senatari autonomikoak. 

    Uztailaren 22tik Nafarroako Gobernuaren eskutan

    “Ingeniarien Elkargoaren txostenaren analisi xeheago baten zain, Esako urtegiaren handitzearen segurtasuna bezalako hain gai sentikor batean administraritzek izandako jardunbidearen gainean itzalak daude ere”, ziurtatu du senatariak. 

    Carles Mulet parlamentariak aurtengo otsailaren 16an Senatuan egindako galdera bati Gobernuak emandako erantzunean ziurtatzen zenez, “2021eko ekainean jaso zuen txostena Ministerioak, eta Nafarroako Gobernuari zein CHEri helarazi zaio haiek ere ezagutu dezaten”. Beranduago, irailaren 15ean, Nafarroako senatari autonomiko moduan egindako galdera bati erantzunez, Gobernu zentralak erantzun zuen Ministerioko Uraren Zuzendaritza Nagusiak aurtengo uztailaren 22an helarazi ziola txosten hori Nafarroako Gobernuari. 

    Geroa Baiko senatariaren iritziz “beharrezkoa da argitzea noiz helarazi zion Ministerioak Nafarroako Gobernuari txosten hori, 2021eko ekainetik bere eskutan zuen dokumentua baita. Eta beharrezkoa da Foru Exekutiboak txostenari buruzko iritzi osatu bat ematea, txosten hori Nafarroako herritarrei urtebetez ezkutatu ondoren. Honako hau lehenbailehen argitu beharra dago eta ezin da gehiago atzeratu. Hain sentikorra den gai batean trebetasun gutxirekin jokatzen ari dela uste dut, eta tamalez diot, jakin baitakit Zangozan gai honen inguruan kezka handia dagoela”. 

    Azkenik, Koldo Martínezek deitoratu duenez, gardentasun legeari helduta txostena lortzeko eskabide partikular baten bitartez eskuratu ahal izan du berak, eta parlamentuko bideen bitartez lehenago lortu ez izana salatu du.

    Izena eman gure buletina jasotzeko