Eskualdatu gabe dauden eskumenei buruzko txosten bat eskatu dio Geroa Baik Nafarroako Gobernuari
Autogobernuak Nafarroaren garapenean eduki duen garrantzia aitortzen du koalizioak, horregatik beharrezkoa deritzo Nafarroako Gobernuak eskualdatu gabe dituen eskumenei buruzko txosten bat lantzea
Nafarroaren eta bere herritarren ongizatea, gizarte kohesioa eta garapen ekonomikoaren funtsezko oinarrietako bat autogobernua dela defendatu du beti Geroa Baik. Foru erregimenaren garapena amaitu gabe dagoen heinean, koalizioak mozio bat planteatuko du Parlamentuko hurrengo Osoko bilkuran, horren bitartez Nafarroako Gobernua premiatuz eskualdatu gabe dauden eskumenei buruzko txosten bat egin dezan, bertan transferentzia egutegi bat egotea proposatuz, besteak beste.
Blanca Regúlez parlamentariak gogorarazi duenez, “uneotan, Nafarroako Gobernua eta Estatukoa negoziazioetan daude eta Bekak, I+G+b eta lan ikuskaritza eta gizarte segurantza adosteko eta betetzeko zain daude”. Koalizioak azaldu duenez, “negoziazioen erritmoa ez da inondik inora nahiko genukeena, ez eta egokia ere, gure autogobernuaren eraginkortasunerako”, izan ere “eskumen hauek geureganatzea nahitaezkoa da Nafarroaren garapen sozial, ekonomiko eta ezagutzaren esparruko alor estrategikoetan gure erabakitza gaitasuna sendotzeko, horrela lehiakortasun ekonomikoa, trantsizio ekologikoa eta digitala, lurralde kohesioa eta Nafarroako herritarren aukera berdintasuna sendotzea ahalbidetuko duten eredu propioak finkatuz”.
Zentzu honetan Regúlezek adierazi duenez, “Geroa Bain argi eta garbi defendatu dugu beti autogobernu erabilgarria, modernoa eta herritarren zerbitzura dagoena, foru berezitasun propioak merezi duen errespetuan oinarritua”. Horregatik, parlamentariak azpimarratu duenez “beharrezkoa da Nafarroaren eskumenen garapenean aurrerapausoak ematen jarraitzea, egin gabe dauden transferentziak betez eta Foru Komunitateak bere herritarren beharrizanei erantzuna emana ahal izateko bere eskumenak erabat jardun ahal izatea bermatuz”.
Horregatik, datorren ostegunean Parlamentuko Osoko bilkuran koalizioak defendatuko duen mozioan, Nafarroako Gobernua premiatzen da, sei hilabeteko epean txosten bat landu eta Foru Ganberan aurkez dezan, bertan eskualdatzeko zain dauden eskumenen egoera eguneratua agertuz, bai eta uneotan Estatuko Administraritza Nagusiarekin dauden negoziaketen egoera, antzemandako oztopo nagusiak eta oraindik zeharo bete gabe dauden transferentzietan aurrera egiteko egutegi proposamena.
Halaber, mozio honen bitartez, Parlamentuak Nafarroaren autogobernuarekin duen konpromisoa berrestea da helburua, Foru Komunitatearen garapen ekonomiko, sozial eta demokratikoarentzako funtsezko tresna moduan aitortuz, bai eta bere eskubide historikoen eta bere berezitasun instituzionalaren adierazpen gisa. Modu berean, Foruaren Hobekuntzan aurreikusitako eskumen markoa garatzen jarraitzea lehentasuna dela aitortzen da, horretarako oraindik egin gabe dauden transferentzia prozesuak bete behar direlarik, bai uneotan martxan daudenak, bai eta oraindik hasi gabe daudenak ere.
Mozioan ere, Nafarroako Gobernua premiatzen da transferentzia zain dauden eskumenak negoziatu eta betetzeko bultzatzen jarrai dezan. Azkenik, Estatuko gobernua premiatzen da leialtasun instituzionalez joka dezan eta Nafarroako autogobernuaren benetako garapena bermatzeko beharrezkoak diren pausoak eman ditzan.