Itzuli

Eskuin muturreko biktimen legearen aldaketak oroimenean eta erreparazioan aurrera egiteko balio izatea espero du Geroa Baik

Jabi Arakama parlamentariak ziurtatu duenez “helburua lanean jarraitzea da, 2015etik egin dugun moduan, ahaztura urteetan zehar egondako gabezia konpontzeko”

    Jabi Arakama Jabi Arakama

    Aste honetan Geroa Baik, PSNk eta Podemosek Parlamentuan erregistratu duten 16/2019 Foru Legea aldatzeko proposamenak arau honen martxan jartzea bizkortzeko balio izatea espero du Geroa Baik, bai eta eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimei arreta emateko ere.

    Jabi Arakama koalizioko parlamentariak ziurtatu duenez, “proposaturiko aldaketaren helburua, lanean eta aurrera egiten jarraitzea da, 2015etik egin dugun moduan, ahaztura urteetan zehar egondako gabezia konpontzeko, biktima hauen familiekin erakundeek zorra baitzuten eta hala izaten jarraitzen baitute”. 

    Arakamak gogorarazi duenez, “pasa den legegintzaldira arte, ez ziren oroimen, justizia, aitorpen eta erreparazio politika publikoak modu estruktural eta sistematikoan garatzen hasi”, eta ziurtatu du “16/2019 Foru Legearen aldaketarekin aurrerapauso berri bat” ematen dela, “biktima moduan aitortutako pertsonek jasoko dituzten kalte-ordainak zehazten baitira, arau honetan aurreikusten den batzorde independente batek eginez aitorpen hori, eta batzordea lehenbailehen eratzea espero dugularik”.

    Halaber, parlamentariak azpimarratu duenez, “erregistraturiko lege aldaketarekin, biktima hauek jaso dezaketen kalte-ordaina Terrorismoaren Biktimen Legean ezarritakoarekin parekatzen da, eta 16/2019 Legeak babestutako biktimek kalte psikiko edo psikologikoengatik eta lesio iraunkorrengatik kalte-ordainak jasotzea bermatzen da, besteak beste”.

    “Nafarroan bizikidetzaren aldeko pausoak ematen jarraitzen dugu, indarkeriaren biktima guztientzako egiaren, justiziaren eta erreparazioaren alde lan egiteko helburuarekin, haien testuinguru biktimologikoa dena delakoa ere”, amaitu du adieraziz Geroa Baiko parlamentariak.

    Izena eman gure buletina jasotzeko