Itzuli

Estatuak inposaturiko defizit helburuek tokiko erakundeak kaltetzea ekiditeko Nafarroaren eskumen historikoak jardutea defendatu du Geroa Baik

Tokiko Administraritza alorrean Nafarroak dituen eskumen historikoak gailentzea eskatu du Geroa Baik, horrela tokiko erakundeek haien jarduera garatzeko baliabideak erabiltzeko aukera izan dezaten

    Pablo Azcona Pablo Azcona

    Tokiko Administraritza alorrean Nafarroak dituen eskumen historikoak jardutera premiatu du Geroa Baik, ezartzear dauden defizit helburuek, Udalak %0,2ko superabita betetzera behartuko dituenak alegia, tokiko erakundeak ez kaltetzeko. Datorren ostegunean Nafarroako Parlamentuak egingo duen Osoko Bilkuran mozio bat defendatuko du koalizioak, horren bitartez Foru Gobernua premiatuz aipatutako eskumen horiek defenda ditzan, tokiko erakundeek haien eskumenen baitan dauden politika publikoak garatzeko haien baliabideak erabili ahal ditzaten.

    Estatuko Gobernua, bai eta Autonomia Erkidegoak eta tokiko erakundeak datozen hiru urteetan zehar (2024, 2025 eta 2026) jardun beharko duten finantza-egonkortasunaren bidea ezagutu ondoren, agerian geratu da defizit helburuen banaketa zeharo ezberdina izango dela administraritza ezberdinentzako. Horrela, Pablo Azcona Geroa Bairen bozeramaileak azaldu duenez, “esfortzurik handiena Autonomia Erkidegoena, eta bereziki, tokiko erakundeena izango da”.

    Azkenean ezarriko diren zifren arabera, Estatuko Administraritza Publikoei ezarriko zaien defizit helburua, 2024an, %3an mantenduko da. Baina, Azconak azpimarratu duenez, “Erkidego Autonomoek %0,1eko defizit helburua bete beharko dute, baina bereziki gogorra da tokiko erakundeentzako, %0,2ko superabita bete beharko baitute”.

    Horrela, parlamentariak nabarmendu duenez, “gehien aurrezteko eskakizuna herritarrekiko hurbilenak diren administraritzetan jartzen da, hauek izanik, gainera, gizarte politiketan inbertsio handienak egiten dituztenak; eta Geroa Bai ezin dugu horrelakorik onartu”.

    Zentzu honetan Azconak deitoratu duenez, “defizit helburu hauek tokiko administraritzengan izan ditzaketen ondorioen inguruan pentsatzera garamatzate”, aldi berean adieraziz “erakunde hauek beti frogatu dutela egonkortasun arauak betetzen dituztela”. Horrela, gogorarazi du “2021 urteko Nafarroako Tokiko Sektore Publikoari buruzko Kontuen Ganberaren txostenaren arabera, egoera global saneatua aurkezten dutela”.

    Horrela, Azconak adierazi duenez, “tokiko erakundeek betetzen badute, baita ere aurtengo aurrekontuen onarpenarekin, zera eskatzen dugu, horiek normaltasunez aurrera ateratzea eta egiteke dituzten erronkekin egitea bermatu dadila”. Izan ere, koalizioko parlamentariak ziurtatu duenez, “ezarriko diren helburuak, Estatuko Gobernuak bere garaian Europan aurkeztu zituenak, Udalek jardunaldi hau superabitarekin ixteko betebeharra jasotzen dute eta horrek ziurgabetasun handia sortzen die tokiko erakundeei”.

    Horregatik, Pablo Azconak ziurtatu du “tokiko erakundeen egoera ekonomikoaren bilakaera ona kontuan hartu beharra dagoela, bai eta tokiko autonomia eta Nafarroak Tokiko Administraritza alorrean dituen eskumen historikoak ere”. Eta hori, gogorarazi duenez, “gailendu beharra dago, Nafarroako tokiko erakundeak defizitaren bide horrekin ez kaltetzeko”.

    Azconak gogorarazi du Geroa Bairen ekimenez, Parlamentuko Osoko Bilkurak mozio bat onartu zuela jada, Nafarroako Gobernua premiatuz Estatuarekin  Hitzarmen Ekonomikoaren Batzorde Koordinatzailearen bilera premiaz dei zezan, bertan “Nafarroarentzako defizitaren doikuntza bidezko bat” onar zedin.

    Arrazoi hauengatik erregistratu dute datorren ostegunean Parlamentuko Osoko Bilkuran defendatuko duten mozioa, horren bitartez Nafarroako Gobernua premiatuz Foru Komunitatearen eskumen historikoak defenda ditzaten, tokiko erakundeek haien eskuduntzakoak diren politika publikoak garatzeko baliabideak erabili ahal izateko.

    Izena eman gure buletina jasotzeko