Itzuli

Estatuko Aurrekontu Orokorretan Nafarroarentzako aurreikusten den inbertsio urria salatu du Geroa Baik

Koldo Martínez Koldo Martínez

PPk eta Ciudadanosek adostutako Estatuko Aurrekontu Orokorretan Nafarroarentzako aurreikusten den inbertsio urria salatu du Geroa Baik, eta azpimarratu du “tamalgarria izango litzatekela UPNk kontu hauek babesteko prest egotea, Foru Komunitatearengan duten interes falta eta Rajoyren Gobernuaren proiektu falta argiak baitira”.

Koldo Martínez Geroa Baiko bozeramaileak adierazi duenez, aurreikusten den inbertsioa komunitate guztietan hazi egiten da Nafarroan eta Errioxan izan ezik, eta “bereziki larria” deritzo Foru Komunitatearen kasua. “Nafarroa da inbertsioak behera gehien egiten duen komunitatea, %28,5, hori kezkagarria izateaz gain lotsagarria ere delarik, eta nafarrontzako zigorra besterik ez da”, nabarmendu du Martínezek.

Geroa Baiko bozeramaileak ziurtatu duenez “Nafarroan PPren bozeramaileak ohituta gaituen Nafarroako defentsaren gaineko hitz eta diskurtsoen aurrean, jazotakoek eta datuek oso toki txarrean uzten dute Rajoyren Gobernua eta PP bera, eta frogatzen dute alderdi honek eta Ciudadanosek Foru Komunitatea Estatu barruan ‘ahatetxo itsusi’ moduan uzten dutela”.

Koldo Martínezek ziurtatu duenez gainera, “kontuak nolakoak diren ikusita, Estatuari interesatzen zaiola dirudien inbertsio bakarra Esako urtegiaren handitzea da, obra polemikoa eta Nafarroako gizartearen hein handi batek geldiaraztea eskatzen duena, bere segurtasunaren afera guztiak argitu arte bederen”.

Izena eman gure buletina jasotzeko