Itzuli

Estatuko etxebizitza legearekin eskumen talka dagoela ohartarazi du Geroa Baik

Nafarroako Gobernuko zerbitzu juridikoek Estatuko etxebizitza lege proiektuak Nafarroaren eskumen markoan dituen inplikazioei buruzko txosten bat burutu dezan proposatu du koalizioak

    José María Aierdi (Geroa Bai) Nafarroako Gobernuko lehendakariorde bigarren eta Lurraldearen Antolakuntza, Etxebizitza, Paisaia eta Proiektu Estrategikoen kontseilariak astearte honetan ziurtatu duenez, “pasa den astean Ministro Kontseiluak onartutako etxebizitza lege proiektuaren artikulu batzuetan egon daitezkeen eskumen talkekin kezkaturik gaude”.

    Hori dela eta, Aierdik ziurtatu duenez, “zentzu honetan Nafarroako Gobernuak posizionamendu bat har dezan eskatzea beharrezkoa da”, eta Gobernuko zerbitzu juridikoek txosten bat egin dezatela Foru Exekutiboaren baitan eskatuko duela azaldu du, Nafarroako eskumenei dagokionez “Estatuko legeak dituen inplikazioak zeintzuk diren zehaztuz”.

    Horrela ziurtatu du Aierdik Iruñeko Geroa Bairen egoitzan eskaini duen prentsaurrekoan, bertan ere Nafarroako senataria den Koldo Martínez koaliziokidea egon delarik.

    José María Aierdik ziurtatu duenez, “oso garrantzitsua da eskumen markoa orain dugun baldintzetan mantentzea, Foru Komunitateko herritarrei mesede egiten baitie horrek, eta Gobernuak analisi hau egitea garrantzitsua da ere, honek Administraritzetara lankidetza jarrerarekin hurbiltzea ahalbidetuko baitigu, modu horretan, Kongresuan irekiko den prozesuan legea modu egokian aldatzen saiatzeko”.

    José María Aierdik “modu positiboan” balioetsi du “Ministro Kontseiluaren proiektuak planteatzen dituen filosofia eta lan ildoak, Nafarroan burutzen ditugun politiken alderdi askorekin lerrokatzen baita”, baina aldi berean ziurtatu duenez, “Lege proiektuan dauden eskumen talka batzuekin kezkaturik gaude”.

    Horrela, babestutako etxebizitzaren, hirigintza garapenen edo zerga politikaren (kenkariak direla eta) inguruan Nafarroan jada jorratzen diren gaiei heltzen dieten zenbait artikulu eta xedapen zalantzan jarri ditu Aierdik. Estatuko legea, etxebizitza, lurraldearen antolamendu eta zerga alorretan Nafarroako eskumenetan sartzen dela iritzi du lehendakariordeak.

    Ildo honetan, Koldo Martínez senatariak ziurtatu duenez, “Estatuko legearen arautzea, Botere Judizialaren Kontseilu Orokorrak ohartarazi duenez, Erkidegoek jada jarduten ditugun etxebizitza alorreko eskumenekin zeharo begirunetsua izan beharra du”.

    Estatuko legearen filosofiak “itxura ona” duela azpimarratu du senatariak, baina “ez du ezer berririk agertzen, izan ere, Nafarroan jada hasitako bideari jarraitzen dio”. “Nafarroa etxebizitza alorreko ekimenetan aitzindaria izan da eta hala izaten jarraitzen du, eta Foru Lege berrian ezarri nahi ditugun neurri berriekin hala izaten jarraituko du etorkizunean ere”.

    Koldo Martínezek azpimarratu duenez, “Foru Lege honen edukia Gobernu zentralaren proiektutik haratago doa hainbat gain sentikorretan, hala nola etxebizitza babestuaren betiereko izaera, garapen berrietan lurzoruaren erreserba edota Alokairuen Jasangarritasunerako Indizearen ezarpena, profil aurrerakoi nabarmena duten arauen aldaketa prozesu luze batean pauso bat gehiago, alegia”.

    Senatariak amaitzeko, “ezberdintasunak murriztuko dituzten politikei ekiteko beharra” berretsi du, “bai eta gazteek bizitza proiektu propio bat garatu ahal izateko ere”. “Eta helburu hori lortzeko funtsezko elementua da etxebizitza. Eta hori politika publiko tinkoetatik egin daiteke bakarrik, Nafarroan Geroa Bairen bultzadari esker egiten ari dugunaren ildotik alegia”, amaitu du adieraziz.

     

    Izena eman gure buletina jasotzeko