Estatuko Gobernuak Nafarroako Polizien Legearen aurka egindako injerentzia berria salatu du Geroa Baik
Geroa Bairen ustez 15/15 Foru Legeak, politikaren zein sindikatuen aldetik ere gaitzetsia izan den horrek, azken kolpea jaso du Auzitegi Konstituzionalak PPk jarritako konstituzionaltasun ezaren helegitea zati batean onartu ondoren. “Nafarroaren autogobernuaren aurkako injerentzia berri bat da, auzitegiko kide baten boto partikularrak jasotzen duen moduan, bai eta foru Parlamentutik datozen legeen aurkako eraso berri bat”, adierazi du Koldo Martínez Geroa Baiko parlamentuko eledunak.
“Conde Pumpido magistratuak boto partikularra eman du, bere ustez Nafarroak Funtzio Publiko alorrean duen eskumen berezia plano teorikoan ebazpenak aitortzen duen arren, bide jurisprudentzialetik Nafarroa gainontzeko Komunitate Autonomoen konpetentzia mailan jartzen duelako berez”, azaldu du Martínezek.
Geroa Bairen parlamentuko eledunaren aburuz “Estatuko Gobernuak tresna politiko moduan erabiltzen jarraitzen du Auzitegi Konstituzionala, PPk eta bere politikek gehiengoa ez duten parlamentu subiranoetatik datozen legeak eta proposamenak judizializatuz, Nafarroan gertatzen den moduan”. “PPk hautestontzietan lortzen ez duena, Auzitegi Konstituzionalaren bitartez lortzea bilatzen du”, azpimarratu du.
Martínezek gogorarazi duenez azken asteotan hiru dira jada Auzitegi Konstituzionaletik iritsi zaizkigun berriak “eta gure autogobernuaren aurkako eraso argi eta garbia dira, orain dela hilabete batzuetatik hona areagotzen ari den prozesu berzentralizatzaile baten baitan”. “Lehenik, berrordainketaren eraina leuntzea bilatzen zuen lege nafarraren bertan behera uztea; bigarrenik, kalamu erabiltzaileen kolektiboak arautzeko legea bertan behera uztea eta, hirugarrenik, Polizien Legearen aurkako konstituzionaltasun ezaren helegitea zati batean onartzea”, azaldu du.
Azkenik, koalizioko bozeramaileak modu positiboan baloratu du azken egunetan Geroa Baik, EH Bilduk eta APF eta SPF sindikatuek lortutako akordioa, “Foru Poliziaren lege proposamen berria egiteko gehiengoa lortu baitu erreferendum bidez” eta ziurtatu du “gure konpromisoa hori horrela izan dadin lan egitea dela”.
Koldo Martínez