Itzuli

Etorkinak diren ikasleak D eta A ereduetan sartzeko lan egin dezan premiatu du Geroa Baik hezkuntza departamentua

Solanak ziurtatu duenez euskara elementu lotzailea da bai eta integraziorako eta bizikidetzarako osagai bikaina ere

    María Solana María Solana

    María Solana Arana Geroa Baiko foru parlamentariak mozio bat erregistratu du Nafarroako Parlamentuan, Hezkuntza Departamentua premiatuz inmigranteak diren ikasleak D eta A ereduetan sar daitezen lan egin dezan, “uste osoa baitugu herritar etorkinak euskara duten ereduetara hurbiltzeko beharra dagoela”.

    Zehazki, ekimen horretan Solanak Hezkuntza Departamentua premiatzen du “informazio eta sentsibilizazio kanpaina burutu dezan, herritar etorkinak D Eredura zein A Eredura sar daitezen”, bai eta “D Eredua, edo bere kasuan A eredua, ikasle etorkinen lehen aukera izateko beharrezko mekanismoak martxan jar ditzan: garraio eta jantokiak, laguntzak, orduak eta ikasle hauei bermez arreta eman ahal izateko (gainontzeko ereduetan bezala, baina eredu hauen hizkuntza exijentzia ezberdina kontuan hartuz gainera) baliabide ekonomiko eta giza baliabideak ziurtatu”.

    Geroa Baiko hezkuntza bozeramaileak azpimarratu duenez “gure hizkuntza propioa, euskara alegia, gure herri eta hirietan integrazio eta bizikidetzarako elementu lotzaile eta osagai bikaina denaren uste osoa dugun heinean, bere sustapena defendatzen dugu, hezkuntzan baita ere, eta etorkinei espezifikoki loturik ere”.

    Solanak ziurtatu duenez “beharrezkoa da D Ereduaren zailtasun propioen aurka borratzea ikasle etorkinen matrikulazioa lortzeko”. “Hizkuntza modu egokian ikasteko zailtasunen gaineko ideia oker guztiak behin betiko deuseztatu behar ditugu eta herritar etorkinen artean ezagutzera eman behar da, kasu askotan euskara existitzen dela ere ez baitakite”, nabarmendu du.

    Geroa Baiko parlamentariak gainera azpimarratu duenez, “gehiegitan ezin izan da D Ereduaren errealitateari doitutako informaziorik bermatu”. “Eredu honen alde baikorrak eta integraziorako duen onura zalantzagabea azaldu behar dira. Zenbait kasutan, aurreiritziz jositako argudioekin eta zenbaitentzako eredu honek Nafarroan estigma ematen duela ikusaraziz aukera hau ez hartzea gomendatu izana deitoratu behar izan dugu. Hau ezin da gertatu. Gertatzen da eta ezin da onartu”, ziurtatu du. 

    Azkenik, Geroa Baiko Hezkuntza bozeramaileak gogorarazi duenez “azkenaldian kritika gogorrak entzun ditugu, gorrotoz eta adierazpen xenofoboz beteak askotan, D Ereduak bereizi egiten duela eta beharrizan bereziak dituzten ikasleak edo ikasle etorkinak ez dituela hartzen ziurtatuz”. 

    “Gauza frogatua da ikasle etorkinen kopurua txikiagoa dela Eredu honetan; eta gauza frogatua da hau hala izatea eragiten duten faktoreak asko direla. Egoera hau zuzentzeko eta baztertu eta bereizi egiten duena D Eredua ez dela frogatzeko asmo tinkoarekin, Geroa Baitik Hezkuntza Departamentuari eskatzen diogu eredu hau aukeratzen duten ikasle etorkinen kopurua txikia izatea eragiten duten faktore guztiak iker ditzan, eta behin errealitate hau analizatu eta diagnostikatu ondoren, hori zuzentzeko beharrezkoak diren ekintza guztiak burutu ditzan”, amaitu du Geroa Baiko parlamentariak.

    Izena eman gure buletina jasotzeko