Etorkizunean egingo den Europako NANaren ezarpenean hizkuntza koofizialekiko errespetua eskatu du Koldo Martínezek Senatuan
Koldo Martínez (Geroa Bai) Nafarroako senatari autonomikoak espainiar Estatuko hizkuntza aniztasunarekiko errespetua eskatu du Europar Batasuneko herritarren nortasun agirien segurtasunaren sendotzeari buruzko araudiaren ezarpenean, bai eta Ebeko herritarrei eta zirkulazio librerako eskubidea jarduten duten haien senitartekoei ematen zaizkien egoitza dokumentuei dagokien araudien ezarpenean ere.
Ekimen honen alde agertu dira ere Goi Ganberako beste eledun batzuk, esaterako Compromís-eko Carles Mulet eta Més per Mallorca formakuntzako Vicenç Vidal. Duela egun gutxi Fernando Grande-Marlaska ministroak aurkezturiko Europako NAN berriak ez ditu ez euskara, ez katalana, ez eta galiziera ere kontuan hartzen hizkuntza hauek koofizial diren tokietan, aldi berean ingelesa erabiliz, Estatuko lurralde bakar batean ere ofiziala izan ez arren.
Koldo Martínezek “zaharkitutzat” jo du neurria, horren harira esanez “Colón Plazako jendetzarena dirudiela, Gobernu aurrerakoi batena baino”, eta Sánchezen exekutiboak egoera hau zuzentzea espero duela adierazi du ere.
Carles Mulet Compromís-eko senatariaren aburuz, “Europako araudian ez da inoiz hizkuntzak ezabatu behar direnik esaten, segurtasun bermeak eta datu biometrikoak aipatzen dira baizik, NANa igortzen duen kide den Estatuko hizkuntza koofizialak erabiltzea baimendurik dagoelarik, eta Eskualdeetako Hizkuntzen eta Hizkuntza Gutxituen Europako Karta oraindik indarrean dirau ere, Europako Kontseiluko kide diren estatuek Estrasburgon berretsitako akordioa delarik hori. Honakoa Gobernuaren beste erabaki bat gehiago besterik ez da, eta onartezina izango litzateke etorkizunean gaztelaniazko NAN bat ofizial eginez amaituko balute, Estatuko hizkuntza aniztasuna nahita ahaztuko bailukete”.
Vidalek (Més) azpimarratu duenez, “hizkuntza alorrean dagoen inboluzioa agerikoa da” eta gogorarazi du lehengo NAN ereduan hizkuntza koofizialen barneratzea ez zela 2001 urteraino gauzatu. “Berriro ere hogeita bost urte itxaron beharko dugu Europako NAN berrian katalana, galiziera eta euskara nola ezartzen diren ikusteko?”, galdegin du senatariak.
Geroa Bai, Compromís eta Més per Mallorca formakuntzek, Goi Ganberan Izquierda Confederal taldearen baitan daudenak, Fernando Grande-Marlaska ministroari galdera egingo diote NANetan elebitasuna egotearen inguruan bere jarrera zein izango den jakiteko.
Koldo Martínez