Etxebizitza Lege Proposamenak alokairu eskuragarria sustatzea bilatzen du eta etxebizitza negozioa izan ordez eskubide bihurtzeko aurrerapausoak ematen ditu
Aierdi lehendakariordeak eta PSN, Geroa Bai eta Podemos parlamentu taldeetako ordezkariek ekimen bateratua aurkeztu dute
José María Aierdi Nafarroako Gobernuko lehendakariorde eta Lurraldearen Antolamendu, Etxebizitza, Paisaia eta Proiektu Estrategikoen kontseilariak, bai eta PSN, Geroa Bai eta Podemos parlamentu taldeetako ordezkariek foru lege proposamen bat aurkeztu dute gaur, Foru Komunitatean babestutako etxebizitza eskuragarrien parke bat sustatzeko helburuarekin.
Aierdi lehendakariordeak azpimarratu duenez, “legegintzaldi honetako lege ekimen nagusietako bat da hau, garrantzia handiko Etxebizitza Foru Lege aitzindari eta aurrerakoi bat artikulatzen baitu, herritar guztien etxebizitzarako eskubidea bezalako hain gai sentikor bati helduz, eta Gobernu honek azken urteotan burututako aldaketa estrukturalen bidean sakontzen du”.
Aierdik gainera azaldu duenez, proposamen hau “Gobernua sostengatzen duten hiru parlamentu taldeen (PSN, Geroa Bai eta Podemos) eta Nafarroako Gobernuko Etxebizitza Zuzendaritza Nagusiaren beraren arteko hausnarketa, eztabaida, adoste eta lankidetza prozesu sendo baten emaitza izan da”.
“Etxebizitza Foru Lege honek nafar gizartean dagoen alokairuko eskuragarriko etxebizitzarako premiazko eskaerari erantzuna ematen dio. Proposamenak babestutako etxebizitzen promozioa areagotzeko helburua du, bai eta prezio eskuragarriko alokairuko etxebizitzen eskaintza areagotzea ere eta, azken finean, etxebizitzarako eskubide subjektiboa, herritarren oinarrizko eskubide moduan babesteko azken urteotan landu ditugun etxebizitza politiketan emandako biraketan sakontzea”, nabarmendu du lehendakariorde eta Lurraldearen Antolamendu, Etxebizitza, Paisaia eta Proiektu Estrategikoetarako kontseilariak.
Bere aldetik, Ana Ansa Geroa Baiko parlamentariak ziurtatu duenez, “lege honek aurreko legegintzaldian jada ezarri ziren ildoen zehaztapena ekarri du, eta etxebizitza negozioa izan ordez eskubide moduan kokatzeko aurrerapausoak ematen ditu”. “Etxebizitza politika berdintasunaren zerbitzura egongo den tresna bihurtu ahal izateko eta zinez hala izateko Gobernuari tresna nahikoak ematea bilatzen du”, azpimarratu du.
“Pasa den legegintzaldian hasi eta garatu zen filosofia eta ikuspuntua jasotzen dituen lana da, orduan Barkosen Gobernua aitzindaria izan baitzen 2026ko etxebizitza legearen aldaketari ekin zionean, edota 2017an etxebizitza sozialaren promoziorako Navarra social housing Plana abian jarri zuenean, 2018an etxebizitzarako eskubide subjektiboaren legearekin edo hutsik dauden etxebizitzak zaharberritzeko edo mobilizatzeko sustapen-planekin”, nabarmendu du Geroa Baiko parlamentariak.