Etxebizitza libreak egiteko udal orubeen saltzea geldiaraz dezan eskatu diote Geroa Bai, PSN eta EH Bilduk Mayari
Lursail hauen gaineko informazioa eta adostasuna eskatzen dute
Lezkairun, Sadarren, Etxabakoitzen eta Sanduzelain etxebizitza libreak eraikitzeko udalaren jabetzakoak diren lursail ugari saltzeko Navarra Sumaren erabakiaren aurrean, EH Bildu, PSN eta Geroa Bairen udal taldeek adierazpen bateratua aurkeztu dute datorren otsailaren 19ko Hirigintza Batzorderako, bertan “udal lursail hauen salmentarako akordioa erretiratu dadin gobernu taldea premiatuz”.
Taldeek pasa den otsailaren 12ko Hirigintza Gerentziako Batzordean eduki zuten Enrique Mayaren asmoen berri, une hartan oposizioko talde guztiak presazko erabaki horren aurka agertuz. Etxebizitza funtsezko gaia da herritarrentzako eta, horregatik, bere egungo egoerari buruzko eta Udalak etxebizitza larrialdiari erantzuna emateko bere esku dituen tresnei buruzko monografiko baten sorrera eskatu dute hiru taldeek irailetik hona. Halaber, etxebizitzarako behar gehien duten populazioaren sektoreek, emantzipatzeko gaitasunik ez duten gazteak besteak beste, eskuratzeko tresnak ere.
Navarra Sumak sei hilabeteko atzerapenarekin deitu du bilera monografiko hori. Udal lursail hauen kasuan Maya alkateak aldebakartasunez joka dezan ekiditeko, taldeek bigarren puntu bat gaineratu diote adierazpenari, bertan “Udalaren jabetzakoak diren lursail osoak eta pro diviso egoeran dituen partizipazioak azal ditzan” eskatuz, “horietan eraiki beharreko etxebizitza ereduaren etorkizuna eztabaidatu eta elkarrekin adosteko helburuarekin”.
Zentzu honetan kritikatu dutenez, “aipatutako saio horren emaitzei itxaron gabe hartu da erabaki hau gainera”. Horretaz gain, aipagarria da funts putre batek alokairu sozialeko etxebizitzak erosi dituenaren berriek sorturiko ziurgabetasun eta alarma une batean hartu dela erabaki hau, Iruñeko ehun familia baino gehiago haien etxebizitzarik gabe geratu baitaitezke. Horregatik guztiagatik, “lursail guztien gaineko informazioa udal talde guztiei ematea” eskatzen dute, “horrela, Nafarroako Gobernuarekin koordinaturiko politikaren bitartez, gai hau modu globalean ikertu eta eztabaidatu ahal izateko”, amaitu dute.
Javier Leoz