Etxebizitza politiketan “espekulazioaren eta pelotazoaren eredutik ezberdina den” paradigma aldaketa baten alde lan egiten du Geroa Baik
Koalizioak 8 urte hauetan Nafarroan burututako lana defendatu du María Solanak, “etxebizitza eskubidea negozioaren gainetik jarriz” beti
María Solana Diputatuen Kongresurako Geroa Bairen hautagaiak “etxebizitza inbertsiorako ondasun moduan ulertzearen aurrean bere erabileraren balioa lehenestearen” aldeko apustua egin du.
Era berean, Behe Ganberarako koalizioaren hautagaiak nabarmendu duenez “etxebizitza alorrean Nafarroak biraketa nabarmena eta eraldaketa frogagarria egin ditu, azken 8 urteetan bereziki, Geroa Baik 2015ean gobernu erantzukizunak hartu genituenetik eta gaur arte jarritako ekimen eta bultzadari esker hain zuzen ere”.
“Etxebizitza politiketan printzipio berrietatik abiatuz paradigma aldaketa baten alde lan egin dugu Geroa Bain, printzipio horiek azken hamarkadetan Estatuan ezagutu dugun joeratik zeharo ezberdinak direlarik, PSOE zein PPren gobernuak izan, eta gobernu zentrala, erkidegoetakoak edo udalak izan, beti adreiluaren kulturan, espekulazioan, pelotazoan, edo hirigintza intentsiboan oinarritu baitira. Azken hamarkadetan Madrilgo Erkidegoan, Levante aldean edo Costa del Sol-en egin izan duten hirigintzari begiratzea baino ez dugu behar, bi ereduen arteko ezberdintasuna zein den ikusteko”, azpimarratu du Solanak.
Bere aldetik, José Mari Aierdi Nafarroako Gobernuko jarduneko Bigarren Lehendakariorde eta Lurraldearen Antolamendu, Etxebizitza, Paisaia eta Proiektu Estrategikoen Kontseilariak azpimarratu duenez “ez dugu gurea defendatu nahi bakarrik, gure etxeko gauzak alegia, baita ere etxebizitza alorrean, ausardia nahi dugu eta hala eskatzen dugu Estatuko Gobernuan aurrerapauso eraginkorrak eman daitezen. Etxebizitza politikaren eredua pertsona guztientzako etxebizitza-eskubidearen printzipiotik eraldatzen jarraitzen lagunduko duten neurri zehatzak hartzeko”.
Zentzu honetan, Gobernu zentralaren programaren aurrean José Mari Aierdik bi neurri zehatz eta gako planteatzen ditu -Estatu mailako eskumenen markoan badauden bi gaietan-, “etxebizitza politikan aldarri erretorikoak benetako aldaketan bihurtzen lagunduko dutenak”.
Alde batetik, Aierdik funtsezkoa deritzo “etxebizitza parkearen eraberritze energetikorako estrategien aldeko apustu eraginkor eta estrukturala, bai eta eraikitako hiriaren berreskurapenarena ere” eskatu ditu, horretarako “Next Generation funtsen programa koiunturaletik haratago joango den konpromiso finantzarioa” eskatuz, azken hauek “iraungitze data baitute”.
Eta bestaldetik, Aierdik funtsezkoa deritzo “alokairuko etxebizitza promozioaren BEZaren zerga-trataera, alokairu eskuragarriaren alde egin nahi den apustuarekin bat jorratzea, hori baita pertsona guztientzako etxebizitza eskubideari erantzuteko modurik azkarrena”.
Zentzu honetan, José Mari Aierdik salatu duenez “Estatuko Etxebizitza Legeak erabat ahaztu ditu bi puntu hauek, baina zaharberritzearen eta alokairuaren aldeko apustuak benetakoak direla frogatzeko gako dira bi hauek”.
María Solana