Etxebizitzaren alorrean dagoen larrialdi sozialak “pertsona gazte eta zaurgarriengan dituen ondorio latzen” gainean ohartarazi du Barkosek
“Alokairuaren ordainketak dakarren gainesfortzuak herritarren gizarte-bazterketa, benetako pobrezia eta buruko osasun okerragoa dakartzala” salatu du
Uxue Barkos Geroa Baiko senatariak “larrialdi sozialtzat” jo du etxebizitzaren alorrean dagoen krisialdiak ekarri duen egoera, horrek “ondorio latzak ekartzen ari baitizkio herritar gazteenei eta zaurgarrienei”. “Pertsona batek dituen eskubideen artean oinarrizkoena da etxebizitza duina edo, hobe esatearren, egoki bat edukitzeko eskubidea, eta horren gainean benetako larrialdi soziala dugu gaur”, salatu du Barkosek.
Gaur Goi Ganberan egin den Osoko Bilkuraren baitan, Barkosek “etxebizitza egoki bat” aldarrikatu du, bertan “emantzipazioaren prozesuak erritmo osasungarri batean gertatu ahal izateko”. “Etxebizitza egoki bat, pobrezia indizeen aurka errotik eta partxerik gabe borrokatzeko, denok ongi baitakigu etxebizitzarik gabe ez dagoela pobrezia deuseztatzerik”.
Horrela, foru senatariak azpimarratu duenez, alokairuari aurre egiterako orduan behar den “gainesfortzu honek ondorio latzak dakartza”, izan ere “gazteen emantzipazioa oztopatzen du eta, ‘zahar’ emantzipatzen den gizarte bat, osasun txarreko gizartea da”.
Gainera, foru senatariak nabarmendu du egoera honek beste ondorio kaltegarri batzuk dituela. “Langileen mugikortasun geografikoa murrizten du, eta horrek lehiakortasuna kentzen digu Europa mailako industria merkatuan; baina are eta okerrago, osasungintzako langileen gabezia dakar, irakasleena edota asistentzia-langileena gure hiri eta herrietan”.
Halaber, Barkosek ziurtatu du “alokairuaren ordainketan dagoen gainesfortzuak gizarte-bazterketa dakarrela, benetako pobrezia”. “Gure gizartearen buruko osasun okerragoa dakar ziur, ez baitago norberaren familiarentzako sabaia galtzearen beldurrarekin bizitzea baino estres okerragorik”, ohartarazi du.
“Eta beste alde batera begira jarraitzen badugu, honek eskuartean egingo digu eztanda: gazteenen eskuartean eta txiroenen eskuartean”, ohartarazi du foru senatariak, aldi berean Senatuan gehiengo osoa duen Alderdi Popularrari aurpegiratuz “legegintzaldiko urte oso baten ondoren, Ganbera honetan ikerketa batzordeetan edo amnistiari buruz, adibidez, hitz egiteko Autonomia Erkidegoen batzordea deitzen gastatzen ditugun esfortzuetako asko gure gizarteak bizi duen etxebizitzaren krisialdiari buruz eztabaidatzeko erabili genitzakeela, honi buruz hausnartzeko, adosteko eta konponbideak proposatzeko”.