Etxebizitzen eraikuntza hobetzeko zentro teknologiko bat egiteko eta Lodosan AP-68 autobidearen konexiorako Gobernuaren konpromisoa lortu du Koldo Martínezek
Sánchezen Gobernuak Nafarroarentzako bi azpiegiturari bultzada emateko konpromisoa hartu du, Koldo Martínez (Geroa Bai) Nafarroako senatari autonomikoak Estatuko Aurrekontuetan izandako negoziaketari esker. Eraikuntzaren Industrializazio eta Robotika Zentroa da horietako bat, José Mari Aierdik zuzentzen duen Lurraldearen Antolakuntza, Etxebizitza, Paisaia eta Proiektu Estrategikoen kontseilaritzaren ekimen bat, eta etxebizitzen eraikuntza goitik behera aldatuko duena, metodo eraginkorragoekin, azkarragoekin eta jasangarriagoekin. Negoziaketen baitan ere, Koldo Martínezek “sutsuak” izan direla esan dituen horietan, AP-68 autobidean Bilboko norantzan Lodosako lotunea 2021ean egiteko konpromisoa hartu du Gobernu zentralak.
“Estatuko Aurrekontu Orokorren negoziazioan Geroa Baitik argi genuen ez genuela aldeko botoa emango Sánchezen Gobernuak Nafarroako proiektu ezberdinei bere babesa emateko konpromisoa hartzen ez bazuen. Negoziaketa konplexua izan da Ogasun Ministerioarekin, Kongresuan jada onartu zenetik kanpo Senatuan zuzenketa bakar bat ere onartuko ez zutela erabaki baitzuten. Hala ere, Aurrekontuekiko konpromiso paralelo bat lortu dugu garrantzitsuak direla deritzogun proiektu hauek finantzatzeko”, azpimarratu du Koldo Martínezek.
Horietako lehena, Eraikuntzaren Industrializazio eta Robotika Zentroa da. “José Mari Aierdi lehendakariordea buru duen departamentuaren ekimena da eta zementu eta adreiluzko etxebizitzen eraikuntzatik ekoizpen industrializatu eta robotizatu batera pasatzea da bere helburua, eraikuntzen egiturak lantegietan eginez eta ondoren tokian muntatuz. Modu horretan kalitate hobea bermatzen da, eraikuntza denborak murrizten dira eta eraikuntza gehiago kostu txikiagoan eraikitzea ahalbidetzen du, horrela alokairu babestuko etxebizitzari bultzada emanez, Nafarroako Gobernuaren politika sozial eta jasangarriaren ardatzetako bat alegia”, nabarmendu du Geroa Baiko senatariak. Ingurumenean duen eragin kaltegarria ere murrizten du, hondakinen eta CO2 isurien kontrola dela eta. Eta emakumeak eraikuntzaren mundura sartzea errazten du ere.
“Zentro hau eraikuntza jasangarriaren alorreko ekimen berrien baitan sartzeko konpromisoa hartu du Gobernu zentralak, Europar Batasuneko Suspertze Programan aurkeztuko direlarik finantzaketa jasotzeko”, ziurtatu du Koldo Martínezek.
AP-68 autobidera Lodosako lotunea
Sánchezen Gobernuaren babesa jaso duen Geroa Bairen beste ekimen bat, AP-68 autobidean Bilboko norantzan Lodosako lotuneari behin betiko bultzada ematea izan da. “Zaragoza eta Bilbo artean AP-68 autobidea eraiki zutenean 14 zenbakidun irteera ‘ahaztu’ zuten. Duela urte batzuk Zaragoza norantzako lotunea eraiki zen, baina Bilborako norantzakoa egiteke dago oraindik. Estatuari atera diogun konpromisoa, bera baita autobide honen jabea, zera da; 2021 urtean Lodosa eta eskualdeko udalerriak, Sartaguda, Sesma eta Mendabia alegia, bai eta Errioxako eskualde mugakideak, autobidearekin behin betiko loturik egotea, horrek, zalantzarik gabe, erosoagoak egingo dituelarik bertako bizilagunen desplazamenduak eta enpresek eskualdean kokatzeko interesa areagotuz ere”, ziurtatu du senatari autonomikoak.
Koldo Martínez