Itzuli

Europar Batasunean euskara ere hizkuntza ofiziala izan behar dela defendatu du Geroa Baik

Hori lortzeko lanean jarraituko duela adierazi du Geroa Baik, Parlamentuan ekimenak aurkeztuz eta Senatuan mozio baten bitartez, bai eta Barkos senatariak erregistratutako galderekin ere

    Pablo Azcona Pablo Azcona

    Euskararen, bai eta katalanaren eta galizieraren ofizialtasunari buruzko erabakia atzeratzeko EBko Afera Orokorren Kontseiluaren erabakiaren aurrean, Nafarroako Parlamentuan Geroa Baiko bozeramaileak berretsi duenez, “Geroa Baik eta, hortaz, Nafarroako Gobernuak, bere osotasunean edo zati batek gutxienez, iritzi argia eta tinkoa du: euskarak ere EBko hizkuntza ofiziala izan behar du”. Aldi berean, honi buruzko ekimen sorta bat iragartzen dute, bai Parlamentuan bai eta Senatuan ere.

    Azconak azpimarratu duenez, “bai, euskararen ofizialtasuna aldarrikatzeko erabakia atzeratzearen inguruan Nafarroako Gobernuan bada iritzirik, Geroa Baik baduelako berea”. Iritzi hau, bozeramailearen arabera, “oso argia eta oso tinkoa” da, horregatik “Batasuneko gainontzeko Estatuen aurrean eman beharrezko azalpenez gain, ofizialtasun hori lortzeko lanean laguntzen jarraitu behar dugu”. Eta, izan ere, koaliziotik konbentziturik agertu dira: “euskarak, katalanak eta galizierak bezala, EBko hizkuntza ofiziala izan behar du”, adierazi du.

    Modu honetan, Azconak azpimarratu du Geroa Baik ofizialtasun prozesu hori babesten jarraituko duela. Horregatik, datorren ostegunean egingo den Nafarroako Parlamentuko Osoko bilkuran koalizioak mozio bat defendatuko du zentzu horretan, gogoraraziz euskararen eta katalanaren zein galizieraren ofizialtasunari buruzko eztabaida “atzeratu egin dela, baina ez dela amaitu ez eta ebatzi ere”. Ekimen honekin “Europar Batasuneko Afera Orokorren Kontseilua premiatzen da, bere baitan euskara, katalana eta galiziera hizkuntza ofizial moduan aitortu ditzan”.

    Bere aldetik, Uxue Barkos Geroa Baiko senatariak Gobernu zentralari zuzenduriko galdera sorta bat aurkeztu du, besteak beste jakiteko zein egutegi aurreikusten duen orain gobernuak ekimen horri berriro heltzeko, bai eta zentzu honetan aurreikusten dituen kontaktuak zeintzuk diren ager ditzan eta pasa den maiatzaren 27an sortutako egoeraren aurrean zein neurri hartzea aurreikusten duen azal dezan ere”.

    Geroa Baiko bozeramaileak gainera gogorarazi duenez, “EBean inork ez dio ezetzik eman aitorpen honi, Sánchezen Gobernuaren proposamenari zehaztasun handiagoa eskatzen diote ordea”. Lan hori, adierazi du Azconak, euskara ere EBko hizkuntza ofiziala bihurtzeko “helburua lortu arte burutu behar da”.

    Pablo Azconak ziurtatu duenez egoera honek “atsekabetu egiten gaitu eta alor honetan PPk agertutako jarrera salatu nahi dugu, Europan maniobratu egin baitu euskara, katalana edota galiziera bezalako hizkuntzen ofizialtasuna ukatzeko, milioika europarrek hitz egiten dituzten hizkuntzak izan arren”. Amaitzeko nabarmendu du “Geroa Baik Europa anitz eta plural bat” defendatzen dutela, “baita ere bere hizkuntzekin; aniztasun horren aurka jardutea, bere bi hizkuntzak dituen Nafarroako herritarren aurka egitea da, bere aniztasunaren sinboloaren aurka”. 

    Izena eman gure buletina jasotzeko