Euskarako kontseilari Ana Ollok nabarmendu du euskara herritar guztiak kohesionatzeko eta batzeko elementua dela
Geroa Bairen interpelazio bati erantzunez adierazi du hori, talde horren ustez euskara “arma politiko modura erabili baita, liskar aldedikoietan”
Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilari Ana Ollok ostegun honetako Osoko Bilkuran adierazi du "euskara kultur eta komunikazio altxor bat dela nafar guztiontzat, euskaraz jakin nahiz ez jakin. Balio erantsi bat da, ezberdinak batzeko eta kohesionatzeko".
Foru Gobernuaren hizkuntza-politika dela-eta Geroa Baik aurkeztu duen interpelazioari erantzunez, lehendakariordeak azpimarratu du "Nafarroan bi hizkuntza bereki eta atzerriko hainbat hizkuntza bizi direla elkarren ondoan, eta horregatik dela beharrezkoa erakunde publikoek hizkuntza-politika zorrotz bat bultzatzea, herritarrak erdigunean jarriko dituena, gorrotozko diskurtsoetatik eta lokatzetik urrun".
Halatan, kontseilariak adierazi du "erakarri, limurtu, interesa piztu eta konbentzitu direla jokatzen ditugun aditzak, gure hiztegian ez baita ageri ezarri aditza, hain gutxi gure jardunean".
Ollok gogorarazi duenez, azken 10 urteotan "gure helburua izan da gure hizkuntzaren sustapena bultzatzea, herritarren borondatezkotasunarekin bat, gure jarduna 5 ardatzetan oinarrituta: gizarte-sentsibilizazioa; hiztun berriak lortzea eta helduek euskara ikastea; euskararen erabilera soziala; euskara administrazioan, eta, azkenik, lankidetza instituzionala.
Etorkizunari begira, lehendakariordeak nabarmendu ditu "erronka demografikoa eta digitala, esparru sozioekonomikoa eta aniztasun oro amaiaraztea bilatzen duen olatu atzerakoiaren aurkako borroka, linguistikoa barne".
Mikel Asiain (Geroa Bai talde parlamentarioa) Foruaren Hobekuntzaren 9. artikulua aldatzearen alde mintzatu da, hizkuntza-eremurik egon ez dadin eta "inor ez dadin diskriminaturik egon hizkuntza dela-eta", eta orobat eskatu du "foru-lege berri bat onets dadin, herritar guztien hizkuntza-eskubideak bermatuko dituena".
Ana Ollo