Itzuli

Euskararen ofizialtasuna Nafarroa osoan aitortzea eta bere zonifikazioa gainditzea eskatu du Geroa Baik

    Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeko Lege Organikoan (LORAFNA bere gaztelaniazko sigletan) euskara Nafarroako hizkuntza propio moduan aitortzeko María Chivite Nafarroako Gobernuko lehendakariak egindako iragarpenaren aurrean, Geroa Baik gogorarazi du Euskararen Foru Legeak, Foruaren Hobekuntzaren ondorengoa izanik, modu espresuan aitortzen duela jada euskara Nafarroako hizkuntza propio moduan duen izaera. 

    Koalizioaren iritziz, Foruaren Hobekuntza eguneratzeko ponentzian gaur egun dagoen eztabaidak, anbizio handiagoko pausoa emateko balio beharko luke, bai eta Nafarroaren errealitate sozial eta linguistikoarekin lerrokatua. Zentzu honetan, Foruaren Hobekuntzaren 9 artikulua aldatzeko beharra berretsi du Geroa Baik, euskara Nafarroako lurralde osoan erabat aitortzeko. 

    Geroa Bairen arabera, erronka ez da bakarrik euskara hizkuntza propio moduan aipatzea, baizik eta benetako aitortza izango den marko baterantz aurrera egitea, Nafarroako herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatuz, bizitokia edozein delarik ere. 

    “Euskararen Legeak Nafarroako hizkuntza propio moduan euskara aitortzen du jada. Orain beste pauso bat eman beharra dago eta Foruaren Hobekuntza errealitate horri egokitu, euskara Nafarroa osoan aitortuz eta herritarren artean desberdintasunak sortzen jarraitzen dituen zonifikazio bat gainditzeko aurrera eginez”, azpimarratu dute koaliziotik. 

    Geroa Baik kohesio elementu moduan defendatzen du euskara eta ez konfrontazio politikorako elementu gisa. Horrexegatik hain zuzen ere, nahitaezkoa deritzo lurralde osoan bere ezagutza eta erabilera mesedetzeko politiketan sakontzen jarraitzea, bai eta hizkuntza eskubideen berdintasuna bermatzea ere. 

    Koalizioak espero du gai hau Foruaren Hobekuntzaren erreformari buruzko parlamentuko ponentziak lor ditzakeen ondorioen artean egotea, eta foro horretan anbizio horrekin lan egiten ari duela berretsi du: euskararen erabateko aitorpena lortu eta egungo hizkuntza zonifikazioaren ondorioz ditugun mugaketak ezabatzeko norabidean aurrera egin.

    Izena eman gure buletina jasotzeko